Fiskalak 10 urteko kartzela zigorra eskatu du ezker abertzaleko 43 kiderendako; tartean, Galparsoro, Arantzabal eta Garaiondo

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko abu. 3a, 10:47
Espainiako Auzitegi nazionaleko fiskaltzak 10 urteko espetxe zigorra eskatu du Batasunako, EHAK-ko eta EAE-ANV-ko 43 kiderendako, ETAko kide izatea eta hari laguntza ematea leporatuta. 43 lagun horien artean daude, besteak beste, Arrasateko alkate Ino Galparsoro, Aittor Arantzabal eta Mikel Garaiondo bergarrrak eta, Arrasaten bizi den Kepa Bereziartua.

Hamar urteko espetxe zigorraz gain, auzipetuak hamar urtetan kargua betetzeko gaitasun gabe uztea ere eskatu du fiskaltzak. Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak 4/08 auziaren barruan auzipetu zituen denak, iazko martxoan, dena ETA dela argudiatuta.

Hedabideen bitartez jakin du eskaera Galparsorok

Arrasate alkate Ino Galparsorok hedabideen bitartez izan du fiskalaren eskaeraren berri; adierazi du, nolabait, espero zuela horrelako eskaera bat.

Gainera, Galparsorok argi du bera zergatik dagoen auzipetuta: "Komeni zen alkate bat egotea auzipetuta, eta konkretuki Arrasatekoa izatea. Hortaz, Arrasateko alkatea naizelako tokatu zait niri auzipetuta egotea".

Eskaera eginda, epaiketarako prest dago sumarioa

Oraindik abokatuarekin harremanetan ez dela jarri azaldu du Arrasateko alkateak; baina, dio behin eskaera eginda epaiketarako prest geratu dela sumarioa. Uste du epe ez hain luzean burutuko dela epaiketa.

Auzipetutako 43 lagunak

Auzipetutako 43 lagunak hauek dira: Pernando Barrena, Juan Jose Petrikorena, Maite Diaz de Heredia, Marije Fullaondo, Karmele Berasategi, Nekane Erauskin, Juan Carlos Ramos, Jesus Mari Agirre, Sonia Jacinto, Ino Galparsoro, Kepa Bereziartua, Jose Manuel Jurado, Eusebio Lasa, Imanol Iparragirre, Joana Regueiro, Angel Mari Elkano, Asier Imaz, Mikel Garaiondo, Tomasa Alejandre, Haizpea Abrisketa, Arantza Santesteban, Ibon Arbulu, Karmele Aierbe, Jon Kepa Garai, Mikel Etxaburu, Ana Lizarralde, Aner Petralanda, Patxi Urrutia, Mikel Gotzon Zubimendi, Nuria Alzugarai, Egoitz Apaolaza, Gorka Murillo, Iñaki Olalde, Iñigo Balda, Gorka Diaz Martin, Unai Fano, Maite Fernandez Labastida, Aittor Arantzabal, Joseba Zinkunegi, Alazne Arozena, Peio Galvez, Antton Gomez eta Hasier Arraiz.

Jose Luis Elkoro lekuko gisa

Gainera, fiskaltzak eskatu du epaiketan lekuko gisa deklara dezatela Batasuneko buruzagi izandako Arnaldo Otegik, Joseba Alvarezek, Karmelo Landak, Rufi Etxeberriak, Jose Luis Elkoro bergararrak eta Juan Kruz Aldasorok.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak