Fetuan anomaliak detektatzeko jaio aurreko programa gertu dago

Mirian Biteri 2009ko mai. 22a, 15:41
Debagoieneko ospitaleak kromosomen gaineko anomaliak detektatzeko jaio aurreko programa berria jarriko du abian datozen hilabeteotan. Hain zuzen, lehen hiruhileko froga konbinatua bezala ezagutuko dena aurtengo bigarren seihilekoan ezarriko dela jakinarazi dute asteon.

Horrekin batera, gaineratu dute martxan jarri behar duten programa haurdun dauden eta haurdunaldiaren kontrola egitera Osakidetzara joaten diren emakume guztiendako zuzenduta dagoela.

Arriskuak gutxitu

Proba horren bidez, Osakidetzak kromosomen gaineko anomaliak ahalik eta azkarren atzematea du helburu. Down sindromearen eta kromosomekin lotutako bestelako anomalien detekzio goiztiarra atzematea, hain zuzen;%92an atzematen du. Proba berri horrekin, gainera, amniozentesia eta horrek eragiten dituen arriskuak ekidingo dira; tartean, fetuaren heriotza eragiten ez duela jakinarazi dute.

Bi azterketa

Bestalde, kromosomen gaineko anomalia izateko arrisku handia duten haurdunaldiak detektatzeko ospitalean jarraituko duten prozesuaren gaineko azalpenak ere eskaini dituzte. Hala, haurdun dagoen emakumeari bi azterketa egingo dizkiote. Batetik, haurdunaldiaren ohiko lehen kontrolean egiten diren analisiekin batera horretarako analisi zehatza egingo diote. Eta bigarren azterketa, fetuaren lepoaren zatia neurtzean datza,  lehen hiruhileko kontroleko ekografian egingo dena.

Borondatezkoa

Ospitaletik gogorarazi dute, hala ere, lehen hiruhileko froga konbinatua egitea borondatezkoa izango dela eta emakumeek beti izango dituztela osasun arloko profesionalen laguntza eta zalantza guztiak argitzeko behar duten informazioa.
Horretaz aparte, proba horren bidez anomaliarik igarriz gero, emakumeak beharrezkoa den informazio guztiak jasoko duela azaldu dute; ondoren, haurdunaldirako egokiena izango den erabakia har dezan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak