Fededun ugari eta ordezkaritza politikoa Arantzazuko Amaren egunean

Julen Iriondo 2009ko ira. 9a, 17:26
Irailaren 9a, egun seinalatua gaur Arantzazun. Eguerdian izan da ospakizuneko zita nagusia, Joan Maria Uriarte Donostiako Gotzainak eman duen meza. Eguna pasa eta Amabirjina ikusteko asmoarekin joan dira fededunak, eta hauekin batera ospakizunean izan dira baita ere ordezkari politikoak: Oñatiko udalbatzako hainbat kide Lurdes Idoiaga alkatea buru, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun nagusia eta Rafaela Romero Batzar Nagusietako presidentea, eta Idoia Mendia bozeramailea Eusko Jaurlaritzaren izenean. Ohi bezala, presoen senideek bilkura egin dute santutegi kanpoaldean, eta euren aldarrikapenak oihukatu dituzte politikariak iristerakoan.

Eguraldi ona lagun, ohi bezala jende asko izan da gaur Arantzazun, nahiz eta agian beste urte batzuetan baino gutxixeago.

"Krisiaren aurrean neurriz bizi eta eskuzabal izan"

Behin eliza barruan, Joan Maria Uriarte gotzainak kristau bokazioa eta bokazio horrek berekin dakarrena izan ditu hizpide. Baina politikari eta gizarte gaiei buruzko zenbait aipamen ere egin ditu gotzainak. Kristauei eskatu die, krisi ekonomikoaren aurrean neurriz bizitzeko eta gizartearekiko eskuzabal izateko; dei egin die, baita ere, bakea eta adiskidetzea bila dezaten, giza eskubide guztiak, ez batzuk bakarrik, betez eta betearaztea exigituz. Herritar ahulenak defenditzeko eta gizatasuna murrizten eta usteltzen duten sasi-baloreak salatzeko ere eskatu du Joan Maria Uriartek.

Egun garrantzitsua beraz gaur Arantzazun, hain justu ere horixe, egunaren garrantzia nabarmendu dute Oñatiko alkate Lurdes Idoiagak eta Markel Olano Ahaldun Nagusiak euren adierazpenetan.

Opor fiskalak

Baina beste kontu bat ere izan da hizpide gaur Arantzazun. Luxemburgoko epaitegiak opor fiskalak deiturikoak legez-kanpokoak direla ebatzi du; hau da, legez kontrakotzat jo ditu Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako diputazioek 90eko hamarkadan enpresa berriei emandako laguntzak. Idoia Mendia Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du Jaurlaritza beti egongo dela diputazioen alde.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak