Uztailaren 23an onartu zuen Espainiako Parlamentuak Erregistro Zibila berrantolatzeko lege proiektua. Erregistro Zibilaren berrantolaketak aurrera egiten badu, besteak beste, Familia liburuaren desagerpena ekarriko du.
Datu base elektroniko batek ordezkatuko luke 1957. urtetik ezagutzen dugun Familia liburua. Gauzak horrela, Herritartasun Kodigo Pertsonala martxan jarriko dute eta fitxa indibidualek osatuko dute Kodigo hori. Bertan jasoko dira pertsona bakoitzaren bizitzako gertaera zibil guztiak.
Erregistro Zibilaren funtzionamendu aldaketak hiru helburu ditu: oraingo sistema modernizatzea, erregistroa digitalizatzea eta tramitazioak arintzea. Orain arte ez bezala, edozein epaitegitan bideratu ahalko dira eskaerak eta hainbat ziurtagiri. Lege berri horrek sinadura elektronikoaren bitartez, ziurtagiriak Internetez eskatzeko aukera emango die herritarrei.
Lege proiektuak aurrera eginez gero, administrazio publikoak bere gain hartuko du Erregistro Zibilaren zati bat. Justizia ministeriotik kanpo geratuko da ardura hori eta ospitaleen ardura izango da jaio berriak erregistratzea.