Familia giroko jatorduekin hartuko dute urte berria txinatarrek

Irati Agirreazaldegi 2009ko urtarrilaren 26a

Egutegi asko daude munduan barrena, elkarren artean oso ezberdinak, gainera, eta bakoitzean urteko lehen eguna aldatu egiten da. Kristauen egutegiaren arabera 2009. urtea urtarrilaren 1ean hasi zen; txinatarrek, aldiz, gaur, urtarrilak 26, hasiko dute urte berria, idiaren urtea.

Gurean ere bada txinatarrik, eta eurendako gaur hasi da urtea. Ospatzen ote dute urte berrirako sarrera gurean urtarrilaren 1ean egiten den moduan, jai batekin, nahiz eta Txinatik kanpora bizi izan? Zergatik izendatzen dituzte urteak animalia izenekin? Erantzun horien bila jo dugu gurean bizi diren hainbat txinatarrengana.

"Txinan familiakook batera egiten ditugu jatorduak urteko lehen egunean. Gosaltzeko, esaterako, tallarinak jaten ditugu, bizitza luzatzen dutela diote-eta. Mendira ere joaten gara. Hemen familiakoak bazkaltzeko elkartzen gara eta abestu ere egiten dugu", azaldu digu azken sei urteotan ibarrean bizi den eta Bergaran Dragon Oriental jatetxea duen Zhunguang Jiang-ek.

Arrasateko La Gran Muralla jatetxe txinatarreko Xiao Fen Yin-en esan digunez, "urte berriaren hasieran opor egunak izaten dira Txinan, gutxienez astebeteko oporrak, eta familiak elkartzeko aitzakia izaten da. Egun alaiak dira benetan, jai handiak egiten dira; besteak beste, kalean herensugearen dantza. Gu Txinatik kanpora egonik, guretik norbait joaten da egun horietan hango familia bisitatzera".

Urte bat, animalia bat

Urte hasierarako ez dute egun zehatzik, txinatarrek erabiltzen duten egutegiak ez baitu zerikusirik gurearekin. Zhunguang Jiang-ek azaldu digunaren arabera, "nekazariena den egutegi batean oinarritzen da eta urte mordoa da hori erabiltzen dena. Gure amak badakizki egutegi horren nondik norakoak, baina nik ez dut ulertzen, zaila da".
Ilargiari erreparatuz urtea ziklotan banatzen dute, hamabi guztira: arratoia, idia, tigrea, untxia, herensugea, sugea, zaldia, aharia, tximinoa, oilarra, txakurra eta txerria. Animalia bakoi-tzak ezaugarri bereziak ditu eta urtea  ezaugarrion jabe egingo da. Gaur hasi eta 2010eko otsailaren 14ra artekoa idiarena izango da.

Zhunguang Jiang-ek esan digu idiaren urtea zortearen, osasunaren eta arrakastaren urtea dela. Umeak izateko orduan bada jendea kontuan hartzen duena zein animaliaren urtea den. "Arratoiaren urtean jaio den umea argiagoa dela diote sinestunek eta idiaren urtekoek arrakasta handiagoa izango dutela, eta horri erreparatzen dio jendeak Txinan".
Xiao Fen Yin ere bat dator horrekin. "Idiaren urtean ezkontzen edo jaiotzen dena zorteduna izango da", esan digu.

Ospakizunak

Sineskeriak kontuan hartu edo ez, urte berriko ospakizunak ez dira falta txinatarren artean ere, eta familia eta lagun giroan egiten dituzte.

"Aurten astelehena izanik, zaila da denok elkartzea. Hemengo urte berria, urtarrilaren 1a, ere ospatzen dugu jende gehiagorekin, etxekoekin, jatetxeko langileekin eta hemen bizi diren beste senideekin. Jatordu berezi horietan arrainik ez da falta izaten mahaian eta oso gureak diren gozorik ere ez", kontatu digu Zhunguang Jiang-ek.

Xiao Fen Yin-en familiak domeka gauean egingo du ospakizuna, Leioan. " 2006an Arrasaten egin genuen eta tokia txandakatzen dugu. Familiakoak eta lagunak elkartzen gara elkarrekin afaltzeko, 40 lagunetik gora. Afari berezia jan eta gero kantuan, pokerrean edo dadoetan jarduten dugu eta goizaldera arte irauten du festak", kontatu digu.

Hango ohitura batzuk mantentzen dituzten arren, badira hemen erosi ezin daitezkeen gauzak; hortaz, zaila da urte berriaren hasiera berdin-berdin ospatzea. Hala ere, Xiao Fen Yin-ek esan digu seme-alabek ere jarraitzen dituztela hango ohiturak: "Urte berrirako arropa berria erosten diegu eta etxeko atean gorriz idatzita zorte mezu bat ipintzen diegu".

Guri ere bidali digu mezu bat: "Xin nian kuai le": urte berri on, hain zuzen ere.

Idiaren urtea: ekonomikoki gogorra, maitasunerako aproposa

Urte bakoitza animalia batekin izendatzen du horoskopo txinatarrak eta idiaren urtea da gaur hasi dena. Idiaren urtean jaiotzen direnak hitzekoak, konfiantzakoak, lasaiak eta metodikoak dira, adituen esanetan.

Idia animalia gogortzat daukate, lurra lantzeko erabiltzen duten neurrian langilea ere bada. Hortaz, aurtengoa urte gogorra izango dela esan nahi du horrek, eta erruz lan egin beharko dela baldin eta arazoak gainditu nahi badira.

Hori lanari dagokionez, baina maitasunean urte ona aurreikusten dute adituek, bikotekide bila hasteko urte aproposa ei da.

Arratoiak hasitakoa idiak amaitzen duela diote, eta, lana eta ekonomia bat datozenez, ekonomikoki ere urte zaila aurreikusi dute idiarena, arratoiaren jarraipena. Idiaren urtea azken aldiz 1997an izan zen eta Asian krisi urtea izan zen. Orain, Asian ez ezik mundu guztian sumatzen da krisiaren eragina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak