Hamabost egun, hilabete edo bi hilabete pasatzeko aukera izango dute ikasleek uztailean, abuztuan edo irailean. Eta hizkuntzaz gain, herri euskaldunen bizimodua eta ohiturak ezagutzeko parada izango dute.
Egonaldiak Familia Euskaldunetan izeneko egitasmo honetarako izenemate epea zabalik dago. Batetik familiak behar dituzte eta bete beharreko baldintzak ondorengoak dira: biztanleriaren %70etik gora euskalduna den udalerrian bizi izatea; gutxienez hiru kideko familia izatea eta euskaraz jardutea beraien artean. Egonaldi bakoitzeko ikasle bakarra hartuko dute eta familiaren eguneroko jardunean parte hartuko du; gainera, nahi izanez gero, baserriko lanetan jarduteko aukera izango du ikasleak. Izena emateko interesa duten familiek apirilaren 24 arte dute epea. Eta ikasle bat etxean hartzeagatik 390 eta 1.350 euro artean kobratuko dute.
Bestalde, egonaldietan izena emateko interesa duten ikasleek 18 urte beteta izan beharko dituzte eta 8. urratsa gaindituta. Izenemate epea maiatzaren 4an zabalduko dute eta hilabetea bukatu bitartean egin dezakete. Ikasleek 210 eta 650 euro artean ordaindu beharko dute. Argibide gehiago gura dutenek edo izena eman, www.egonaldiak.net webgunean aurkituko dute.