Fagor Taldeko bazkideen lan aurrerakinak %8 murriztuko dituzte

Ubane Madera 2009ko maiatzaren 18a

Fagor Taldeko Kooperatibetako Batzar Orokorretan bazkideek erabaki dute lan aurrerakinak %8 murriztea, “krisiari aurre egiteko”. 2009ko apiriletik 2010eko martxora bitartean aplikatuko dute murrizketa. Erabakia hartu dute “balioz emandako” botoen %56,4arekin.

“Fagor Taldearen historian izan den lan aurrerakinen jaitsiera handiena da” hori, adierazi dute Fagor Taldetik. “Bizi dugun krisi sakonak jarduera ekonomikoa baldintzatzen du eta egoera honi aurre egiteko proposatutako neurri enpresarialen lagungarri izango dira batzarretan hartutako erabakiak”, gaineratu dute.

Izan ere, azken egunotan Fagor Taldeko kooperatibetan batzar orokorrak egiten ibili dira, krisiaren aurrean, “bazkideei eskatutako ahaleginen inguruko erabakiak” eztabaidatzeko. Kasu honetan, eztabaidatu eta onartu egin dituzte.    

Fagor Taldea honako kooperatibek osatzen dute: Fagor Etxetresna Elektrikoak, Fagor Industrial, Copreci, Fagor Electrónica, Fagor Ederlan, Fagor Arrasate, Fagor Automation eta Mondragon Assembly

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak