Fagor ondoen baloratutako euskal enpresen artean dago

Leire Kortabarria 2009ko azaroaren 24a

Jarduera kontsumitzailearengana zuzenduta duten euskal enpresen artean, Fagor da jendeak gehien baloratzen duena, Euskal Enpresen Konfiantza Barometroaren lehen ikerketaren arabera. Atzo aurkeztu zituzten emaitzak Ikerfel eta FutureBrand egileek.

Jarduera kontsumitzaileari begira egiten duten enpresen sailkapenean lehen da Fagor, 5,57ko puntuazioarekin. Zerrenda horretan goialdean dago Mondragon Korporazioko beste enpresa bat, Euskadiko Kutxa, 5,19 punturekin.

Ikerketa egiteko, urteko lehen erdian 30 eta 50 urte arteko 1.930 laguni galdeketa egin diete Ikerfel ikerketa erakundeak eta  FutureBrand kontsultoreak. Horiei, Euskadiko 28 enpresaren inguruan galdetu zieten, eta eskatu zieten hainbat faktore kontuan hartuta puntuazioa eman ziezaieten. Bi multzotan egin ziren balorazioak: batetik, zuzenean kontsumitzailearengana begira lan egiten duten enpresak, eta bestetik, enpresen merkatuan dihardutenak. Bigarren multzo horretan, Irizar izan da enpresa baloratuena (5,92).

Klasifikazio orokorrean, Fagor laugarren dago, esandako 5,57ko puntuazioarekin. Lehenengoa da Irizar; gero, CAF (5,79) eta ITP (5,75); eta Fagorren ondoren, Kaiku (5,47) eta Gamesa (5,39).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak