Ezingo dugu, momentuz, gure menuan Kantauriko antxoarik sartu

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko ekainaren 30a

Espeziearen biomasa oraindik txikiegia dela-eta, Europako Batzordeak Bizkaiko Golkoan antxoa harrapatzea galarazi du. Gureko arrandegiendako ere albistea txarra da. Bezeroek antxoa eskatzen dute, eta beste jatorri batzuetakoa ekartzen dute.

Goizeko 11etarako antxoa barik gelditu dira Bergarako Kabutzia arrandegian. Zortzi euro eta 90 xentimoan zuten kiloa, eta ondo saldu dute. Ez zen kautari itsasokoa. Badira bost urte espeziearen biomasa nahikoa ez dela-eta Europako Batzordeak kostera debekatu zuela. Debekua, gutxienez, urte amaierara arte mantenduko dutela jakinarazi dute gaur.
     Erabakiak bere eragina ere izango du gurean. Antxoa kontsumitzaile onak omen gara hemen.

Cadiz aldekoak harrera ona

Bertakorik ez dagoenean, beraz, kanpokoarekin konformatu behar. Cadiz aldetik ekartzen dute antxoa Kabutzia arrandegiko Iñaki Acedok eta Arantzazu Arantzabalek. "Ez du Kantauriko antxoaren zapore berdina, baina nahiko antzekoa da. Cadiz aldean ere itsasoa gogorra dute eta antxoa ez da Mediterraniokoa beste biguna. Ondo saltzen dugu", adierazi du Arantzazu Arantzabalek.
     Gaur goizean bezero bat baino gehiago antxoa barik gelditu da Bergaran. Horrelakoen aurrean, sasoi honetan, Arantzabalek eta Acedok hegaluzea proposatu digute. "Kostera garaia da. Kalitatea onekoa eta prezio onean aurkituko duzue", adierazi digu Acedok. Aurreko astean ia 17 eurotan zegoen kiloa. Gaur 13 euro eta 80 xentimotan dago. Kiloa 3 euro merkeago.


 

Debekua gutxienez urte amaierara bitartean mantenduko dela aurreratu dute, gainera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak