Dekretu honen arabera, pertsonako eta eguneko, bi kilo perretxiko batu ahalko dira gehienez, basoaren jabetza duen erakundeak ez badu behintzat ordenantza propio baten bidez muga hori murrizten. Jateko beharrean, perretxikoak ikertzeko edo bildumarako erabili behar badira, hiru ale izango da gehienezko kopurua.
Basaran eta masusten kasuan ere bi kilotan egongo da muga. Araudi honek landareak eta loreak ere hartzen ditu bere baitan, eta hala, espezie babestua ez bada behintzat ezingo da eskutada bat baino gehiago jaso. Mantzanilaren kasuan, topea 200 gramotan jarri dute.
Trufekin, eztiarekin edo txilarra bezalako zurezko landareekin, araudia zorrotzagoa da, izan ere, baimenik gabe ezingo dira batu.
Isunak eta aholkuak
Araudi hau betetzen dela kontrolatzeaz, Arabako Foru Aldundiko 38 basozain arduratuko dira, eta isunak ere aurreikusten dituzte: 30 eta 250 euro artekoak. Perretxikoak hartzeko orduan, aholkuak ere ematen ditu Aldundiak: besteak beste, landare geruza ez hondatzeko lurra gutxi mugitzea, sustraitik ez ateratzea edo perretxikoen aireztatzea ahalbideratzen duten banastak erabiltzea.