Hiru aste oinarrizko kanpamenduan egin eta gero iritsi da benetako erronkaren unea. Eguraldi ona iragarri dute astebururako, eta aurreikuspenak betetzen badituzte domekan Everesteko tontorrera iritsiko dira Juan Vallejo, Mikel Zabaltza eta Alberto Iñurrategi.
Mendizaleen asmoa da egubakoitzean 7.000 metroraino igotzea, eta zapatua erabiltzea beste mila metroko desnibela gainditzeko. Hori lortuta, domeka goizaldeko lehenengo orduetan Everesteko tontorrera iritsiko lirateke, eta ondoren jaitsierari ekin. Baina, kontutan izan espedizioko kideek hainbat zailtasuni egin beharko dietela aurre, euren artean, eskaladan zehar ze zailtasun tekniko izango dituzten aurrez ez jakitea, izan ere, azken 18 urtetan inork ez du Hornbein korridorean gora egin. Eta noski, sherpen laguntzarik, oxigenorik eta soka finkorik ez erabiltzeak ere areagotu egingo ditu zailtasunak.