Eusko Legebiltzarrerako 2009ko hauteskundeak: hautesleen erroldak ikusgai daude

Usoa Agirre 2009ko urtarrilaren 12a

Hautesleek errolda eskura izango dute urtarrilaren 12etik 19ra bitartean (biak barne) Udaletxe eta Kontsulatuetan. Epe berean, hautesleek erroldan sartzeko edo bertatik kentzeko erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte Hauteskunde Erroldaren Bulegoko Probintzia Ordezkaritzan.

Horrek hiru egun izango ditu erreklamazioa ebazteko eta bat gehiago eskaera aurkeztu duen pertsonari, Udaletxeei eta Kontsulatuei horren berri emateko. Zuzenketak urtarrilaren 23an jarriko dituzte jendaurrean.

Mahaien zozketak

Urtarrilaren 12an argitaratuko dira Lurralde Historikoen Aldizkari Ofizialetan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izango diren hauteskunde mahai eta hauteslekuen kopurua eta kokapena. Urtarrilaren 31tik otsailaren 4ra bitartean Udalek mahai bakoitzeko kideak hautatzeko zozketak egin beharko dituzte.

Hautagai-zerrendak

Hautagai-zerrendak urtarrilaren 21etik 26ra bitartean (biak barne) aurkeztu ahal izango dira Eskualdeko Hauteskunde Batzordearen aurrean. Urtarrilaren 28an, berriz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko dira aurkeztutako hautagaitzak. Otsailaren 2an, beharrezko zuzenketak egin eta gero, aldarrikatu egingo dituzte eta biharamunean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko dituzte berriro. Berrikuntza gisa, eta Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Legea betez, zerrendako hautagaien % 50ek emakumezkoak izan behar dute hautagaitza balioztatzeko.

Kanpaina

Hauteskunde-kanpaina otsailaren 13an hasiko da, 00:00etan, eta hil bereko 27an bukatuko da, 24:00etan. Otsailaren 24tik martxoaren 1era debekatuta egongo da hauteskundeen inguruko inkestarik kaleratzea. Hauteskunde egunaren ostean, alderdiek kanpainan zehar kaleetan jarritako propaganda kendu egin beharko dute.

Posta bidezko botoa eta zenbaketa

Botoa posta bidez emateko, hautesleak berak aurkeztu beharko du eskaera Posta-bulegoetan urtarrilaren 6tik otsailaren 19ra bitartean (biak barne). Komeni da eginbehar hori azken ordurako ez uztea. Hauteskunde Erroldaren Bulegoko Ordezkaritzak posta ziurtatu bidez bidaliko du eskaria egin duen pertsonak agindutako helbidera botoa emateko beharrezko dokumentazio guztia.

Aurreko hauteskunde autonomikoetan, 2005ean egin zirenetan, guztira 47.291 hauteslek eman zuten botoa posta bidez; 5.983k Araban, 27.863k Bizkaian eta 13.445ek Gipuzkoan.

Lurralde Historiko bakoitzeko Hauteskunde Batzordeak botoa eman eta bost egunera (martxoaren 6an) hasiko du hauteskunde emaitzen zenbaketa, eta lau egun izango ditu horretarako. Beraz, botoak zenbatzen bukatzeko azken eguna martxoaren 10a izango da. Hauteskunde Batzordeek martxoaren 12tik aurrera egingo dute aukeratutako hautagaien aldarrikapena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak