Euskal unibertsitatearen sustatzaile eta bultzatzaileen iritziz, euskarazko unibertsitatearen egitasmoa egungo Euskal Herriko mapa unibertsitarioak dituen hutsuneak betetzeko nahitik dator, eta bere printzipio eta oinarriak zentzu berean doaz.
5 oinarri nagusi ditu ekimenak: euskaldunon unibertsitate eleanitza izatea; euskararen hizkuntza komunitatea eratzeko eta erakundea izatea; gizarte partaidetzakoa, herriaren zerbitzura eta demokratikoa izatea; Euskal Herriaren eraketa politko eta sozialerako lagungarria izatea eta Europako unibertsitate esparruan homologagarria izatea.
Udako Euskal Unibertsitatea, lehen bultzatzailea
Udako Euskal Unibertsitatea izan da ekimenaren bultzatzaile nagusia, eta 2003an egindako mintegi batean erabaki zuen horrelako uniberstitate baten beharra. 2004an oinarriak ezarri eta lan batzordeak eratu ziren, eta ondoren egin ziren bidelagun Kontseilua eta Nazio Eztabaida Gunea.
Printzipioz, eta bokazio publikoa duen arren, izaera pribatua izango du unibertsitate berri honek. Ez dute zehaztu oraindik kanpusa non jarriko duten, baina Gipuzkoa eta Nafarroa dira aukera seguruenak. Teknologia berrietaz baliatuz etxetik ikasteko aukera ere egongo da.
Hasteko 8 titulazioLegez, 8 titulazio eskaini beharko ditu unibertsitate honek unibertsitate izaera lortzeko, horietatik 3 graduondokoak. Oraindik ere aztertzen dabiltza zeintzuk izango diren titulazio horiek, baina asmoa da graduondoetan indar berezia egitea.
Behin sustapen taldea sortuta, emango duten hurrengo pausua, Fundazioa eratzea da, eta hori uda aurretik egin gura dute. Asmoa da 2010-2011 ikasturterako unibertsitatea abian jartzea. Harreman formalak izan ez diren arren, hainbat erakunderekin proiektuaz hitz egin dute jada sustapen taldekoek. Erantzuna orokorrean baikorra izan dela adierazi dute eta orain ekintzak zehaztu behar direla.