Kontseiluaren 10. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien artean, Euskaraz Bai astea ospatu dute joan den aste osoan zehar Bergaran. Hain zuzen ere, ibarrean Bergarak jaso zuen Kontseiluaren ekimena, Bergarako Euskaltzaleon Bilgunearen laguntzaz. Jardun euskara elkarteak, EHEk, AEK- k eta Aranzadi Ikastolak osatzen dute Berba.
Astean zehar hainbat ekitaldi egon dira, hala nola, Artemanek prestatutako Kontseilua 10 urte bidea eraikitzen izeneko erakusketa ibiltaria; eguaztenean, berriz, berbaldia egon zen, kontseiluko Urko Aierbe kidearen eskutik; etorkizuneko erronkak aztergai izan zituen bertan. Eguenean, kale ekimena egin zuten Munibe plazan. Euskararekin lotutako argazkiak (txalotzekoak zein salatzekoak) erakutsi zituzten.
Balorazio positiboa
Bukatzeko, atzo, jendearen laguntzaz, Euskaraz Bai logotipo erraldoia osatu zuten, eta euskararekin lotutako argazkiak ere ikusgai egon ziren. Ondoren udaletxean, Euskaraz Bai adierazpenari atxikimendu ekitaldia egin zuten. Norbanako, talde, erakunde, elkarteek egin du bat aipatutako adierazpenarekin. Guztira 11-12 talde inguruk sinatu zuten adierazpena, ikastetxeak, Bergarako Udala, Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) eta alderdi politikoak. Berba elkartekoek ez dute balorazio sakonik egin oraindik, baina gustura daude Euskaraz Bai astearekin.
Bestalde, kontseiluaren 10.urteurreneko ekitaldi nagusia datorren abenduaren 13an egin nahi dute BECen.