Hezkuntza Saila, Ivap, Habe, Osakidetza, Ertzaintza... erakunde beste euskara ziurtagiri ditugu gaur egun. Orain arte, gainera, ez zegoen konbalidatzerik. Amaitu da sakabanaketa hori. Eusko Jaurlaritzak euskara gaitasun tituluak elkarrekin baliokidetuko dituen Dekretua onartu baitu. Homologazioa, gainera, Europako irizpideekin aurkitu da dekretua hizkuntzen europako Erreferentzi Marko bateratura egokitu baita.
Albiste ona da ikasle eta irakasleendako. Egiaztagiri guztiek balio ofiziala izango dute aurrerantzean. "Erakunde beste euskara ziurtagiri daude gaur egun", esan digu Bergarako udal euskategiko zuzendari Alex Labaienek. "Dekretu honek ikasleen eta irakasleen aspaldiko eskaera bati ematen dio erantzuna".
Konbalidatzeko aukera
Titulazioak ez dira desagertuko. Erakunde bakoitzak berea egiten jarraituko du, baina konbalidatu ahalko dira. Zerrenda honetatik kanpo gelditzen dira momentuz Irale eta Hizkuntza Eskolako tituloak. Europako irizpideetara egokitu beharko dituzte oraindik eta prozesuak beste sei hilabete beharko dituela aurreikusten dute. Bukatu da beraz euskara maila berdina ziurtatzeko azterketa bat baino gehiago egin beharra.