Euskara sustatzeko laguntzen murrizketak eragina izango du Debagoieneko elkarteetan

Miren Manias 2010ko mai. 31a, 16:43
Gipuzkoako Foru Aldundiak heren bat jaitsi du euskara sustatzera bideratutako laguntza, 2010erako. Horrek eragin zuzena izango du bailarako hedabide eta elkarteetan. Hain justu ere, horrek markatu zuen zapatuan Arrasateko Euskalgintzak egindako batzar nagusia. Emaitza ekonomiko negatiboak aurkeztu zituzten AEDk, Ekinek eta Txatxilipurdik. Elkarteen biziraupena bermatzeko bazkideen laguntza beharrezkotzat jo zuten.

Aurten euskararen aldeko aurrekontua dezente murriztu da, ez, ordea, jendearen parte hartzea, ezta elkarteen jarduna ere. Hala eman du aditzera Eñaut Muxika AEDko lehendakariak. Momentuko arazo ekonomikoei aurre egiteko, hori bai, bazkideen ekarpena Euskalgintzako hiru elkarteen artean banatzea proposatu zuen, zapatuan egindako batzar nagusian. Izan ere, krisi ekonomikoa eta murrizketak direla-eta hirurek aurreikusi dute zuloa 2010erako.

Datozen hiru urteak oso gogorrak izango direla aurreikusten dute eta egoera zail horri aurre nola egin aztertzeko batzorde berezia osatu dute. Antzerako egoera izango dute gainerako euskara elkarte eta hedabideek ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi bat euro gutxiago bideratuko baitu euskara sustatzera aurten: iaz baino %33,5 gutxiago, hain zuzen. Berri txarra dudarik gabe gure bailarako hedabideentzat zein elkarteentzat.

Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariaren ustez, euskal elkarteen jarduera zabala da eta murrizketek horien jarduna arriskuan jartzen dutela adierazi du.

 

Krisiaren eragina nabarmena izan da Aldundiak aurkeztutako aurrekontuan, eta euskal elkarteek ez dute haren borondatea zalantzan jartzen, bai, ordea, hainbat erakunderen zentraltasuna. Horregatik, espazioak galtzen ari direla salatu dute. Gogoeta egin dezatela eskatu diete euskal elkarte zein hedabideek erakundeei.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak