Guztira 5.575.000 euro banatuko ditu Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak euskal hedabideen artean. Tokiko aldizkariek (GOIENKARIA, tartean) 760.543 euro jasoko dituzte. Guztira, 34 tokiko aldizkari daude –iaz, 749.619 euro jaso zituzten–. Informazio orokorreko eta informazio espezializatuen aldizkariek, ostera, 1.249.036 euro jasoko dituzte. 19 aldizkari dira arlo horretan laguntzak jasoko dituztenak.
Eguneroko prentsak jasoko du dirulaguntza zatirik handiena: 2.003.479 euro. Berria egunkariak, eskualdeko zazpi Hitza egunkariek eta Hernaniko Kronikak jasoko dute diru kopuru hori.
Telebista eta irratia
Bederatzi telebistari 575.000 euro banatuko zaizkie –iaz, 574.027 euro jaso zituzten zazpi telebistak–. Irratien kasuan, 315.232 euro jasoko dituzte bost irratik, iaz baino 33.794 euro gehiago izango dira.
150 hedabide
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emango dituen dirulaguntzak 150 hedabideen artean banatuko dira. Gainera, 58 enpresa eta elkartek ere jasoko dituzte dirulaguntzak.