'Euskal Y'-a: esleitu barik daude Arrasate-Antzuola eta Bergara-Elorrio zatiak

Mirian Biteri 2007ko abe. 14a, 14:01
Biharko, zapatua, Abiadura Handiko Trenaren aurkako manifestazio nazionala deitu du AHT Gelditu! Elkarlanak Arrasaten. Hori abiapuntu hartuta, Euskal Y proiektuaren gaineko informazioa jaso dugu datozen lerrootan.

Europar Batasunaren Garraiorako Sare Transeuroparra izeneko azpiegitura egitasmoaren barruan dago kokatuta. Euskal Trenbide Sare Berria izango da eta Euskal Autonomia Erkidegoko hirigune nagusiak lotuko ditu. Distantzia erdi eta luzeetarako balioko du. Ibarrean ez du geldiunerik egingo. Bidaiariak eta merkantziak garraiatuko ditu.

Lehenengoekin gehienez 230 kilometro orduko hartu ahal izango du eta merkantziekin, berriz, nabarmen jaitsiko da abiadura: 90 bat kilometro orduko abiadura hartuko du.

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailaren arabera, Euskal Y-ak 4.178 milioi euro balioko du. Espainiako Sustapen Ministerioaren mende dagoen Trenbide Azpiegituren Administratzaileak 2.536 milioi euro jarriko ditu. Eusko Jaurlaritzak 1.642 milioi ipiniko ditu: "Kopuru hori aurreratuko dugu. Gero, Kupotik kenduko da", dio Garraio Sailak.

Ibilbideak 172 kilometro izango ditu eta zati handi bat tuneletan joango da, ibilbide osoaren %60,4, hain zuzen. 104 kilometro aurreikusita daude lur azpitik eta horiek 80 tuneletan banatuta egongo dira. Horietako batzuk Debagoiena igaroko dute; esaterako, 3.160 metro dituen bide bikoitzeko tunela pasako da Udalatxetik.

Euskal y-aren mapa

17 kilometro biaduktuetan

Biaduktuetan 17 kilometro eraiki beharko dira. Guztira, 71 eraikitzea aurreikusten du proiektuak. Horien artean, Aramaion egingo dena nabarmen daiteke. 1.400 metro luze eta 70 metro garai izango da hura. Gainazaletik, azkenik, 51 kilometro igaroko dira.

Trazatuaren gutxieneko zabalera 23 metro izango da. Hala, plataformak 15 metro izango ditu eta albo bietara doazen itxiturek beste lau metro hartuko dituzte. Horrez gain, alboetara zortzi metro arteko desjabetzea egingo da.

Lur okupazioen gaineko informazioa  www.ahtgelditu.org webgunean jasota dago; alegia, AHT Gelditu! Elkarlanak sortutako webgunean. Datuak Espainiako Sustapen Ministerioaren Ikerketa informatiboa-ren araberakoak dira. Hala, trazadurak 671 hektarea eta hondakindegiek beste 518 hektarea hartuko dituzte.

Azken horren harira, 64 hondakindegi aurreikusten ditu. Inpaktu akustikoari dagokionez, 250 metrora 79-94 dezibeliokoa izango dela aipatzen da Euskal Y-aren proiektuan. Guztira, 47 udalerri kaltetuko ditu. Horietatik sei Debagoienekoak dira.

AHTren Debagoieneko mapa

Ibarra, zatirik zati

Ibarrean bidegurutze lana egingo du proiektuak, hiru norabideak elkartuko dira.

  • Leintz Gatzagatik sartuko da. 600 metro egingo ditu, tunel barruan. Legutiano eta Eskoriatza arteko II. azpiataleko zati bat da hori.
  • Eskoriatzatik bi zati pasako dira: batetik, Legutiano-Eskoriatza dago. 4,8 kilometro izango ditu. Albertia tunelak hartuko du zati handiena. Haren azken metroak Eskoriatzako lurretan egingo dira. Bigarren zatiak Eskoriatza eta Aramaio lotuko ditu, eta hainbat zubi eta tunel egingo dira horretarako.
  • Aramaiora iristean 1.401 metroko Induspeko tunelean sartuko da trena. Aramaio-Arrasate tartean, Trenen Aurreratze eta Aparkaleku Gunea eraikiko dute, 1.196 metrokoa. Handik beste tunel baten bidez Arrasaten sartuko da.
  • Arrasaten bi hartuko ditu Euskal Y-ak: bat Donostiarantz joango da eta bestea Bilborantz. Azken horretarako, 3.160 metroko bide bikoitzeko tunelak egin beharko dituzte Udalatxen.
  • Bergaran ere bitan banatuko da trenbidea. Hala, Donostiatik datorren norabidea Antzuolatik eta handik Bergarara iritsiko da. Bilborako bidea hartuko du ondoren, Angiozarko bailaratik eta Elorriotik. Tramu horrek 3,8 kilometro izango ditu, tunel barruan. Bestea Gasteizera doa Arrasatetik. 8,1 kilometro luze izango da.

Bi erakundek egingo dute: Sustapen Ministerioak du Espainiako Estatuan trenbide azpiegiturak sortzeko eskumena, eta Eusko Jaurlaritzarekin akordioa sinatu du, azken horren esku zenbait zati uzteko. Hala, besteak beste, Araba eta Bizkaia arteko zatia, Arrasate, Elorrio eta Bergara arteko lotura Sustapen Ministerioarenak dira.
Legutiano-Eskoriatza I eta II, Eskoriatza-Aramaio, Aramaio-Arrasate eta Arrasate-Elorrio zatiak esleitu ditu Sustapen Ministerioak. Baina lanak ez dira oraindik hasi zati horietan. Arrasate-Bergara eta Bergara-Elorrio esleitu barik daude.

Proiektuaren egoera

Abuztuan alegazioak aurkezteko epea amaitu zen Eskoriatzan, Aramaion eta Arrasaten. Oraindik ez dute horien erantzuna jaso. Eskoriatzako Udalean proiektuaren gaineko informazio ugari jaso da azkenaldian, besterik ez. Aramaioko Udalean azaldu dute trenak pasa behar duen lurretan zundaketak egiteko baimena eskatu dutela.
Hain zuzen, bi puntutan baino ez du baimenik emango Udalak: Untzillako hondakindegia egin behar den tokian eta Lugartegi eta Bolinburu baserrien ondoan. Udalak horma bat egin gura du bi baserri horien artean, Lugartegi bota ez dezaten. 

Arrasaten ere ez dago aparteko berririk. Proiektuaren prozesua bertan behera uzteko eskatu zion Udalak Sustapen Ministerioari uda aurretik. Azken horren erantzuna jaso du urrian. Eskatutakoa ezinezkoa dela dio.
Eusko Jaurlaritza atzeratuago dabil. Euskal Trenbide Sarea erakundea –Garraio Sailaren menpekoa– Bergara-Antzuola zatiaren gaineko proiektu basikoa osatzen ari da. Bi udalerri horietako udaletan,  ez dute inongo berririk jaso Euskal Y-aren gainean.

Proiektua zenbakitan, gurean

Eskaintza egin den tramua
Luzera Nork egingo duen
Adjudikatutako data
Adj. aurrekontua
Epea
Legutiano-Eskoriatza (1. tramua)
5 km
UTE Comsa-Cycasa C.
06/12/26
65,03 milioi euro
45 hilabete
Legutiano-Eskoriatza (2. tramua)
2,4 km
UTE Fer. Agroman-Fon.
06/12/26
65,68 milioi euro
45  hilabete
Eskoriatza-Aramaio
5,5 km
Infraestructuras - Viuda de Sainz
07/03/30
80,90 milioi euro
29 hilabete
Aramaio-Arrasate
3,4 km
Sacyr -Amenabar - Proyectos S.A.
07/03/30
57,85 milioi euro
30 hilabete
Arrasate-Elorrio
4,4 km
Obras Subterrane, S.A.
07/01/26
69,70 milioi euro
33,5 hilabete
Arrasate-Bergara
8,1 km
----
----
----
----
Elorrio-Bergara
3,8 km
----
----
----
----
Bergara-Antzuola
4,3 km
----
----
----
----

Bidaia denbora

Ibilbidea Denbora
Gasteiz - Bilbo
28 min
Gasteiz - Donostia
34 min
Bilbo - Donostia
38 min
Abiadura
Pertsonak 230 km/ordu
Garraioak
90 km/ordu

Iturria: Eusko Jaurlaritzako Garraio Saila.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak