Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena egin dute ibarreko zenbait kirolarik

Miren Arregi Amasorrain 2007ko abe. 18a, 17:25
"Euskal Herria nazio bat selekzio bat" lelopean ofizialtasunaren alde abenduaren 29an Bilbora joateko deia egin dute ibarreko hainbat kirolarik, Debagoieneko ESAITen deialdiarekin bat eginda. Euskal Herria ordezkatuko duten kirol federazioen aldeko aldarrikapena egin dute, eta hilaren 29ko manifestaziora joateko eskatu dute.

Euskal Herria benetan ordezkatuko duten kirol federazioen eta zazpi herrialdeetako kirolariak oinarri hartuta jardungo duten kirol federazioen aldeko apustua egin du ESAITek. Ibarreko hainbat kirolarik bat egin dute deialdiarekin.

Debagoieneko ESAITek nabarmendu gura izan ditu 2007an euskal selekzioen ofizialtasunaren inguruko dinamikak jasandako erasoak. Izan ere, urtean zehar ofizialtasunaren aldeko egitasmoek hainbat eraso jasan izana salatu dute.

Aipatu dute, adibidez, uztailean, EAEko Espainiako estatuko ordezkari Paulino Luesmak Euskal Autonomia Erkidegoko 19 kirol federazioen estatutuen aurkako helegitea aurkeztu izana, nazioartean ofizialki lehiatzeko aukera jasotzen zutelako.

Hori horrela, gaineratu dute Euskal Herria munduaren aurrean ordezkatuta izateko eskubidearen alde lanean jarraituko dutela.

Abenduaren 29an Bilborako deia

Hala, dei berezia egin diete euskal herritarrei, ESAITek abenduaren 29an Bilbon antolatu duen egun osoko jaian parte hartzeko. Izan ere, egun horretan, Katalunia eta Euskal Herriaren arteko futbol partidua  jokatuko da San Mamesen, baina egun guztian zehar, Euskal Herria nazio bat selekzio bat lelopean antolatutako ekitaldiak izango dira. Egun horretan, manifestazio nazionala irtengo da 17:30ean La Casillatik eta ESAITetik kirolari guztiei dei egin diete, elastikoak jantzi eta manifestazio buruan joan daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak