Euskal Herriak Bere Eskola ekimenak gaur egun eskolak ez duela gizartea euskalduntzen salatu du. Euskararen Erakunde publikoaren hizkuntza plangintza, Nafarroako gobernuarena eta Gasteizko gobernuaren hizkuntza proposamenak ez dituztela eskolak euskalduntzeko baldintzak bermatzen, eta hori dela eta ez dituzte hiru proposamenok begi onez ikusten.
Euskal Herria euskalduntzeko eskola beharrezkoa
Euskal Herri osoko ikasle guztiak euskalduntzeko eskubidea bermatu beharra dagoela, eta Euskal Herri osoa euskaldunduko duen eskola beharrezkoa dela diote eta honen harira, lege berria behar dela, euskararen ofizialtasunerantz eta hezkuntza sistema nazionalerantz pausu eraginkorra izango dena. Izan ere, Euskal Herriak Bere Eskola ekimenak aurrez esan bezala, ez ditu oraingo hizkuntza politikak onartzen, eta gainera iruzur bezala kalifikatzen dituzte legeok. Gaineratu dute orain arteko datuak ez direla oso baikorrak eskolak gizartea euskalduntzeari dagokionez.
Gutxieneko neurriak
Egoera hau gainditzeko bidean, bat egiten dute euskalgintzak eta hezkuntza komunitateko sektore handi batek proposatu izan dituzten gutxieneko neurriekin.
- Hizkuntza eredu bakarra eta euskalduna bermatzea,
- irakasle eta hezkuntzako langile guztiak euskaldunak izan daitezen neurriak hartzea,
- euskara, euskal kultura eta nortasunari loturiko euskal kurrikuluma aplikatzea,
- edota eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz izan daitezen bultzatzea, beste batzuen artean.
Debagoienean ere lan handia
Eskolak euskalduntzeko bidean, gure ibarrean ere lan handia dagoela egiteko diote, gaur egungo D ereduan lan eredugarria egin duten eskola publiko, pribatu nahiz ikastolek egin duten lana azpimarratzekoa dela nabarmendu badute ere.
Kanpaina
Honengatik guztiagatik, Euskal Herriak Bere Eskola ekimenak 'Iruzurrik ez! Eskolak euskaldundu behar du' deritzon kanpaina ipini du martxan. Euskal Herriko ikasle guztiak euskalduntzeko aldarrikatuz, postal bilketa egingo dute eta mobilizazioak ere deitu dituzte. Abenduaren 15ean, Arrasateko AHTaren aurkako manifestazioan 16:30etik 17:30era egongo dira postalak biltzen. Abenduaren 22an goizez eta 28an arratsaldez, postal bilketa egingo dute Bergarako Munibe plazan. Urtarrilaren 12an argazki herrikoia egingo dute Bergarako plazan eta urtarrilaren 25erako mobilizazioak deitu dituzte Gasteizen, Iruñean eta Baionan.