Euskal Herria Bere Eskola hiru eleko hezkuntza ereduaren kontra agertu da

Mireia Bikuña 2010ko mar. 4a, 13:40
Prentsaurrekoa deitu zuten atzo, "Espainiako Estatuak eta Eusko Jaurlaritzak euskara eta euskal kulturaren kontra bideratu duten erasoaldia salatzeko". Horren harira, hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko ekitaldi kulturala egingo dute bihar Bergaran.

Gaztelania, euskara eta ingelesa ardatz izango dituen hezkuntza egitasmoa datorren ikasturtetik aurrera ezarriko du Eusko Jaurlaritzak 40 ikastetxetan. Eredu berriak hiru hizkuntzak maila berean jartzen ditu: hirurei ordu kopuru bera eskainiko zaie.
Erabaki horren kontra agertu ziren eguaztenean Euskal Herria Bere Eskola (EHBE) herri ekimeneko kideak. Prentsaurrekoa gaineratu zuten eredu berria beste eredu guztiak (A, B, D) ordezkatzeko jaio dela. "Isabel Zelaak proposatzen dituen aldaketekin hezkuntza sistema erreformatu nahi dute eta txarrerako. A ereduaren antz gehiegi duen eredua inposatu nahi digute. Debagoienean lan asko egin dugu euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko, eta hezkuntza sistema propioaren alde borrokan jarraitu behar dugu", esan zuen EHBEko kide Ibai Redondok Kulturaten.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenaren erabakiz, curriculuma erreformatu gura dutela "salatu" zuten.

Manifestazio nazionala

Aldarrikapen horiek bultzatzeko ekitaldi kulturala egingo dute bihar Bergarako Munibe Plazan. 17:30ean haurrendako jolasak egingo dituzte eta 18:30ean bertsolarien eta trikitilarien saioak eta antzerki emanaldia egingo dituzte, besteak beste.
Bestalde, martxoaren 13an Bilbon egingo duten manifestazio nazionalera joateko dei zabala egin zuten. Autobusean joan gura dutenek izena eman dezakete euskara elkarteetan, ikastetxeetan eta hainbat tabernatan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak