Euskadiko Kutxaren arabera, Hego Euskal Herrian langabezia jaisten hasteko ekonomiak gutxienez %1,6 hazi beharko du

Ander Monedero 2010ko uzt. 15a, 16:17
Horixe da, behintzat, Joseba Madariaga eta Xabier Egibar finantza entitateko ordezkariek atzo Bilbon esandakoa; Euskadiko Kutxak sei hilabetean behin argitaratzen duen txostenaren aurkezpena egin zuten.

Eusko Jaurlaritzak aurreikusi du 2011rako EAEko ekonomia %1,6 haziko dela, baina, aurreikuspen hori positiboegia da Euskadiko Kutxaren arabera, kontuan hartuz gero Espainiako ekonomiaren hazkuntza aurreikuspena %0,7 dela.

Euskadiko Kutxak atzo Bilbon aurkeztutako txostenak dio ekonomiaren hazkuntza tasa gutxienez %1,6 izan behar dela langabezia jaisten hasteko. Azken hiru urte hauetan, 72.400 lanpostu deuseztatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta emakumeak eta  gazteak izan dira langabezian gehien geratu direnak.

Nahiz eta 72.400 lanpostu gutxiago egon, orokorrean, enpresek etekinak izaten jarraitzen dutela adierazi du Euskadiko Kutxak. Finantza entitatearen esanetan, euskal enpresek iaz izandako emaitzak positiboak dira, aurreko urteetako errentagarritasun altua jaitsi bada ere.

Pixkanaka ekonomia suspertzen ari dela esan du Euskadiko Kutxak, baina 2011. urteko egoera ekonomikoa aztertzeko zailtasunak daudela adierazi du. Izan ere, Espainiako gobernua lan merkatuaren erreforma egiteko eta ekonomia suspertzeko hartzen ari den neurriek edozein momentutan alda ditzakete hurrengo urteko ekonomiaren egoerari buruzko aurreikuspenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak