Euskadiko Kutxak 162 milioi euroko zorra du Lehman Brothersen bonuetan

Goiena 2008ko ira. 23a, 11:07
Euskadiko Kutxak bere aktiboen artean 162 milioi euro ditu Senior Bonuetan Lehman Brothers banketxearen Entitate Subsidiario batean, Holandan. Prentsa ohar bidez adierazi duenez, bonu horiek 2004an erosi zituzten, "izan zitezkeen epe luzerako interes-tasen murrizketak estaltzeko, eta ez finantza-inbertsio gisa". Gaineratu dute, tarte horretan bonu horiek "balorazio altua" zutela. Oharrean diotenez, Lehman Brothers bankuaren egoerak ez die eragingo inolako kalterik Euskadiko Kutxaren bezeroei.

Euskadiko Kutxatik prentsa oharrean helarazitako informazioaren arabera, jakin gabe bonuetako diru horretatik zenbat errekuperatuko duten, dagoeneko kutxak berak ipini du 40,7 milioi euro, badaezpadakoari aurre egiteko.

Zati bat, errekuperatu

Edozelan ere, Juan Cidek, Euskadiko Kutxako Komunikazio Zuzendariak aditzera eman du diru horretatik zati bat errekuperatu egingo dutela. Izan ere, Moodys agentziak egindako txosten batek erakusten du azken 20 urteotan Ameriketako Estatu Batuetan antzerako egoera izan deneko kasuetan, diruaren %69,7 errekuperatu izan dutela, batez beste.

Egoera sendoa

Horrez gainera, Euskadiko Kutxaren egoera "sendoa" dela nabarmendu du kutxako Komunikazio Zuzendariak, "errentagarritasunari eta kaudimenari lotutako oinarrizko parametroetan".

Bestelako datuen artean, nabarmendu dute Arrasateko kutxak "likidezia-soberakinak" dituela eta "mailegu-emailea" dela, banku arteko merkatuan. Eta gaineratu dute 2008 eta 2009an ez dutela ez "likidezia osagarririk erabiltzeko" eta ezta "Europako Banku Zentralera jotzeko beharrik" izango.

Datu bat ere eman dute: 2007an Espainiako Finantza Entitateen artean zortzigarren lekuan kokatu zen Euskadiko Kutxa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak