Euskadiko 30 squash jokalari onenak Arrasateko kantxetan lehian

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko urr. 29a, 13:27
Egubakoitzean hasiko dute Euskadiko txapelketa, eta zapatuan jokatuko dituzte partidu erabakigarriak, Musakolako kantxa berrituetan.

Arrasateko AKE Squash taldeak antolatuta Euskadiko squash txapelketa egingo dute egubakoitzean eta zapatuan Musakolan. Ez da lehenengo aldia Arrasateko taldeak txapelketa antolatzen duena, baina oraingoan antolatzaileek oihartzun handiagoa eman nahi izan diote txapelketari: "Horregatik erabaki dugu txapelketaren gaineko aurkezpena egitea, horrelako kirolek oihartzuna behar dutelako eta gure helburuetako bat herritarren artean squasha ezagutaraztea delako", adierazi du antolatzaile lanetan dabilen Iñaki Uribetxebarriak. Gainera, ikusleen artean squasheko erraketa bat zozketatuko dute.
     Atzo, eguaztena, AKEko ordezkariek, AUKEAko ordezkari Olatz de Miguelek, Federazioko presidente Jose Ramon Garaik, txapelketako epaile Alberto Ferreirok eta Alemaniako selekzioan izan den Markus Schwarz jokalariak –Euskal Herrian dabil ikasten, eta squash ligan lider dago– egin zuten berba.

Egubakoitzean, 18:00etan hasita

Euskadiko txapelketa egubakoitzean hasiko dute, 18:00etan, Musakolako kantxa berrituetan: "Egubakoitzeko saioan kanporaketa partiduak jokatuko dituzte eta hamasei jokalari onenak koadro nagusirako sailkatuko dira. Pena, rankingean bigarren sailkatuta dagoenak ezingo duela txapelketan esku hartu, gripea du-eta".
     Koadro nagusia zapatuan jokatuko dute, baina kanporatutako jokalariak ez dira jokatu barik geratuko, kontsolazio ligaxkan lehiatuko dira-eta. Finala, berriz, 18:00ak inguruan jokatuko dute.

Debagoieneko sei jokalari

Senior mailako txapelketan lehiatuko diren 32 jokalarien artean izango dira rankingean aurreneko postuetan dabiltzanak, baina Errioxatik ere etorriko dira txapelketan parte hartzera. Tartean egongo dira ibarreko sei jokalari inguru. Senior mailakoekin batera 19 urtez azpikoen eta 15 urtez azpikoen txapelketak ere egingo dituzte, zapatuan. 19 urtez azpikoetan, Julen Zabala, Igor Hernandez eta Igor Elortza izango dira gure ordezkariak eta Ander Okinak jokatuko du 15 urtez azpikoen kategorian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak