Euria, hotza eta elurra izango dugu ondorengo egunetan

Miren Arregi Amasorrain 2008ko aza. 24a, 16:16
Sekulako euri jasekin hasi dugu astea, eta iragarpenek ez dute aldaketaren berri ematen datozen egunotarako. Beraz, prestatu neguko berokiak, ez ahaztu aterkia etxean eta izan pazientzia errepidean ibili behar baduzue, eguraldia ez dago-eta txantxetarako. Arrasaten esaterako, 41 l/m2 bota du.



Gaur goizean jaiki eta leihoaren bestaldean ikusi dugun irudi hori da  datozen egunotan ere ikusiko duguna. Euriak, hotzak, haizeak eta 600 metro koadrotik gora elurra egiteko arriskuak, negua iritsi dela eman digute aditzera.

Eusko Jaurlaritzako barne sailak emergentzia plana ipini du martxan, uholdeak izateko dagoen arriskua dela-eta. Izan ere, errekek nabarmen egin dute gora, eta barne sailak adierazitakoaren arabera gainera, errekek gainezka egiteko arrisku handiena Gipuzkoan daukagu. Hain zuzen ere, Deba ibaiak, Urumea, Urola eta Oriarekin batera, alerta maila gainditu dute dagoeneko.

Hotza eta elurra


Baina euriarekin batera, hotza eta elurra ere iritsi dira Debagoienera. Gaur, gure ibarreko hainbat tontor elurtuta ikusi ditugu, tartean Aloña edota Kurtzeberri. Arrasate eta Aretxabaletan lotzen dituen bide zaharrean, sekulako ur putzuak ikusi ditugu, lokatzez beteta, eta Bergaran eta San prudentzion ere, errekak nola gorantz egin duen ere ikusi dugu. Biharko gainera, elur kota jaitsi egingo da eta 600 metrotik gora elurra egingo du. Hori gutxi balitz, haize-boladek indartsu astinduko dituzte gure herriak; eta gune batzuetan, 100 kilometro orduko abiadura hartu dezakete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak