Euri askorik ez, baina fresko

Goiatz Arana Begiristain 2009ko ira. 16a, 17:53
Aspaldiko partez, euria egin du, nahiz eta, momentuz behintzat, ez duen iragarri zuten adina bota. Nabarmena izan da, hori bai, tenperaturek izandako beherakada; maximoek, gehienbat. Bihar, eguena, eta etzi, barikua, berriz ere txarrera egingo duela aurreratu dute eguraldi adituek.

Alertan jarri gintuzten atzo, martitzena, eguraldi adituek denbora gutxian euri asko egingo zuela iragarri zutela-eta. Bizkaian eta Kantabrian ei zegoen arriskurik handiena, baina, azkenean, ez da hainbesterako izan. Debagoienean, izan ziren zaparradak eta, botatako ur litro kopurua apartekoa izan ez bazen ere, gustura hartu zuten aspaldidanik egarrituta zeuden lurrek.

Bergaran, esaterako, 25 litro ur bota ditu, metro koadroko,  24 ordutan –atzo goizeko hamarretatik, gaur goizeko hamarretara–; iluntze partean egin zuen gehien. San Juan auzoko Luis Mari Agirrek azaldu digu kopuru polita dela hori eta hobe dela horrela: alegia, aldiro pixka bat botatzea, golpean asko egitea baino.

Uda lehorra izan da aurtengoa

Iazkoarekin alderatuta, uda lehorra izan da aurtengoa. Apirilean hasita, hilabete oro, gero eta euri gutxiago egin du: 170 litro bota zituen orduan; erdia baino gutxiago, maiatzean; laurdena, ekainean; eta gutxiago, hortik aurrera. Urkuluko urtegiaren betetze mailak erakusten du azken hilabeteak ez direla oso euritsuak izan; bere edukieraren ehuneko 67an dago.

Tenperaturak, behera

Aldatu direnak, hori bai, tenperaturak izan dira; kasu horretan, jaitsiera nabarmena izan da, tenperatura maximoei dagokienean, gehienbat. Duela astebete, termometroak 30 gradu harrapatzera ailegatu ziren; gaur, berriz, 20 graduak gainditu ezinean dabiltza.

Bihar, eguena, eta etzi, barikua, berriz ere txarrera egingo duela aurreratu dute eguraldi adituek. Tenporak aste honetan izango dira eta kontratenporak, datorrenean. Ikusiko dugu nolako udazkena iragartzen diguten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak