Etxebizitzen prezioak behera egin du Debagoienean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko ots. 5a, 17:34
Ekonomiak bizi duen krisiaren erakusle da eraikuntza sektoreak bizi duen egoera. Azken urteetan eraikuntzak, eta ondorioz etxebizitzen prezioak gorakada nabarmena izan dute. Baina, oraingo egoera guztiz bestelakoa da. Eraikuntza sektorea geldi dago, eta etxebizitzen prezioak behera egin du. Debagoienean ere beheranzko joera hori nabarmena izan da.

Espainiar Estatuko datuak begiratuta, azken 60 urteetan etxebizitzen prezioak gora egin duela ikus daiteke. 1999 eta 2007 urte arteko gorakada, gainera, izugarria izan zen. Hortaz, gaur egungo egoera inoiz ezagutu ez bezalakoa dela esan daiteke.

2007an puntu gorena

1990. urtean, bataz beste, 120.000 pezeta pasatxo balio zuen metro karratuak Debagoienean. 2.000. urtean, ia 300.000 pezetatan zegoen metro karratua. Esan behar da puntu gorena 2007an izan zela; orduan, metro karratuak ia 3.500 euro balio zituen, pezetetan, 560.000 pezeta.

Ordutik baina, etxebizitzen prezioa behera etorri da. Gaur egun, 2.500 eurotan dago metro karratua Debagoienean;  hau da, 430.000 pezetatan.

Merkatu txikia

Datuok Jesus Markaide Deba Garaia etxe-agentziakoak eman dizkigu. Dio datuak aztertzerako orduan kontuz ibili behar dela, izan ere, Debagoiena merkatu txikia da eta ondorioak atera ahal izateko mugimendu gutxi dago.

Bestalde, etxebizitzen salerosketen mugimenduak behera egin du; horregatik, datu fidagarriak ateratzea zaila dela dio.

Salerosketak

Baina Markaidek dio, azkenaldian egin diren salerosketa gutxien datuak kontuan hartuta, 2007arekiko alderatuta %30 jaitsi dela etxebizitzen prezioa.

Gaineratu du, azken hilabeteetan eskaera mantendu egin dela; batez ere, interes tipoak behera egin duelako.

Errentagarritasuna

Eta inbertsio fondoek jasan duten kalteak ikusita, Markaidek dio balitekeela ondorengo hilabeteetan jendeak berriro ere eraikuntza sektorean bilatzea errentagarritasuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak