Proiektua, Elgetako Salbador kaleko 30. zenbakian, Torrealde kaleko 7, 8, 9 eta 10 zenbakietan eta Domingo Iturbe kaleko 3. zenbakian eta, Aretxabaletako Santa Krutz kaleko 16 eta 18 zenbakietan dabiltza egiten. Ekimena Suradesak bultzatu du eta Roberto Martinez Suradesako presidenteak azaldu bezala helburua "etxebizitzen energia kontsumoa" murriztea da. Horretarako, isolamendu egokiak ez dituzten etxebizitzetan, eraikinak dituzten birgaitze beharrak zehaztu behar direla azaldu du. Ondoren, energia aurrezteko egin behar diren lanak zehaztuko dira; eta, azkenik, eraikina behar bezala isolatu. Neurri horiekin, herritarrek berogailua aurreztuko lukete; eta, ondorioz, kontsumoa eta energia.
Aurrezpena erlatiboa izango da
Suradesako kudeatzaile Luis Laskurainek gaineratu du: "Energiaren kostuak duen goranzko joera ikusita, neurri hauekin asko aurreratuko dela uste dugu". Zenbateraino aurreztu daitekeen galdetuta, Laskurainek azaldu du oso zaila dela zenbateko bat zehaztea. Izan ere, "familiaren bizitza moduarekin" zerikusia duela gaineratu du. Hortaz, aurrezpena erlatiboa izango da. "Beste herrialde batzuetan, Alemanian esaterako, %60ko aurrezpena izan dute isolatutako etxeetan", azpimarratu du Laskurainek.
Proiektuak lau fase ditu
Datuak obra egin aurretik eta ondoren jasoko dira. Horrela, etxe bakoitzeko kontsumo aldaketa zenbatekoa izango den zehaztuko da. Suradesa Elgetako eta Aretxabaletako eraikinetan egiten dabilen proiektua lau fasetan banatzen da. Lehenengo fasean, aparailu zehatz batzuekin etxebizitzako tenperatura eta hezetasuna neurtzen dira. Bigarren fasean, hobetu beharreko puntuak jasotzen dituen proiektua egiten da. Hirugarrenean, proiektuan zehaztutako isolamendu termikorako obrak egiten dira. Azkenik, laugarren fasean, tenperatura eta hezetasun datuak berriro ere biltzen dira, lehenengo faseko datuekin alderatzeko.
Proiektuko eraikin guztiek lehenengo fasea pasa dute. Elgetako Domingo Iturbe kaleko 3. zenbakiko eraikina, esaterako, laugarren fasean dago. Aretxabaletakoak, ostera, laster hasiko dira energia aurrezteko obrekin. Suradesak fatxaden isolamendu eta birgaitzeari buruzko informazioa eskaintzen du hurrengo telefonoetan: 943 79 33 99 eta 943 79 06 45.