Immigrazioak gora egin du Gipuzkoa mailan. Horixe da Eusko Jaurlaritzako Immigrazioaren Behatokiak argitaratu berri dituen datuek diotena. Dena dela bailara batzuetan immigrazioak beste batzuetan baino gorakada handiagoa jaso du. Goierri eta Urola Kostaldean gertatu da gorakada handiena.
Debagoienan 1998an etorkin gutxien zituen ibarra zen. Etorkinek orduan biztanleriaren %0,41a osatzen zuten. Orain berriz gure bailara zerrendan bigarrena izatera pasa da eta gaur egun biztanleriaren %2,6a dira etorkinak.
Debagoieneko Mankomunitatean orain dela hilabete batzuk aurkeztutako datuen arabera gure ibarrean Bergara da etorkin gehien duen herria. Debagoieneko etorkinen %36,6a bertan bizi da. Zerrenda ondorengoak dira Arrasate eta Oñati.
Mankomunitateak argitaratutako txostenak migrazio mugimenduen joera aldaketa bat ere iragarri du. 70eko eta 90eko hamarkada artean etortzen ziren etorkin gehienak Europar Batasuneko kide diren herrietatik eta Magreb-etik zetozen. Orain berriz, Europako erkidegokoak ez diren lurraldeetatik datoz etorkin gehienak eta bereziki hegoamerikarrak dabiltza nagusitzen.