ETAren atentatuak eta agiria gaitzesteko mozioak bultzatuko ditu EAJk

Txomin Madina Milikua 2008ko api. 8a, 18:23
Eusko Alderdi Jeltzalearen Euskadi Buru Batzarrak atzo, astelehena, egindako bileraren ostean jakitera eman zuenez, ETAren atentatuak eta agiria gaitzesteko mozioa bultzatuko du Eusko Abertzale Ekintzak agintzen duen udaletan. Mozio horiek onartzen ez badituzte, EAEko udal ordezkarien dimisioak sustatuko dituztela iragarri dute jeltzaleek.

EAJko Euskadi Buru Batzarrak atzo egindako bileraren ostean ateratako prentsa oharrean adierazten duenez, printzipio etikoekiko eta ETAren atentatuak eta azken agirian esandakoak gaitzesteko mozioak sustatzea erabaki du. Mozio hau Eusko Abertzale Ekintzak agintzen duen Udaletan aurkeztuko dute jeltzaleek, eta prentsa oharrean adierazten dutenez, mozioak aurrera egin ezean, prozesu politikoak aldatzeko bortxakeriaren eta mehatxuen kontra egiten ez duten udal ordezkari guztien  dimisioak sustatuko dituztela jakinarazi dute Euskadi Buru Batzarretik.

EAJren erabaki hau pasa den astean Iñigo Urkullu jeltzaleen presidenteak iragarritako neurrien harira dator. EAJko ordezkariekin harremanetan jarrita, esan digute mozioa onartzen ez duten EAEko udal ordezkariei dimititzeko eskatuko zaiela, eta dimisioa onartzen ez badute, ordezkari hauek euren kargutik kentzeko zentsura mozioen alde egingo luketela. Gaineratu dute era berean, euren asmoa ez dela Eusko Abertzale Ekintza udal ordezkaririk gabe geratzea, kargudun ordezkariak oposiziora bidaltzea baizik.

Euskadi Buru Batzarrak astelehenero egin ohi duen bileraren ostean eman zuen jakitera mozioak aukerzteko erabakia. Mozioaren testu zehatza ez da oraindik jakin, izan ere Belen Greaves EBBko idazkaria gainerako alderdi politikoekin harremanetan jarriko da gaur egun guztian zehar testuaren berri emateko, eta denei jakinarazi ostean egingo dute publiko.

Beste alderdien iritzia

EAJren erabaki honen aurrean, beste hainbat alderdik eman dute dagoeneko euren iritzia. Unai Ziarreta EAko presidenteak hainbat hedabidetan adierazi duenez, bere alderdiak aztertuko luke Arrasateko udal gobernuaren kontrako zentsura mozioa babestea, baina gaineratu du ez dagoela prest neurri bera EAEk agintzen duen gainerako udaletan onartzera, bere esanetan gobernagarritasuna bermatu behar baita. Era berean, kritikoa azaldu da Ziarreta EAJren jarrera aldaketarekiko, esanez jeltzaleek lehenengo Arrasateko alkatearen kontrako zentsura mozioa baztertu egin zutela, eta gero Eusko Abertzale ekintzaren karguek Isaias Carrascoren atentatua ez gaitzestean, haien kontrako neurriak iragarri dituztela.

Miguel Buen Gipuzkoako sozialisten idazkari orokorrak beste hedabide batzutan adierazi duenez, Eusko Alderdi Jeltzaleak jartzen dituen epeak errespetatuko dituzte, eta gaineratu du eurak ez direla inor beste alderdi baten erabakietan eta epeetan sartzeko. Buenek adierazi du baita ere, jeltzaleek diotenez Arrasateko kasua ez dutela era isolatuan landu nahi, sozialistak prest egongo direla hitz egin eta akordioak bilatzeko, eta gehitu du euren helburua ez dela ezer haustea, zentsura mozio eraikitzaileak egitea baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak