ETAk iragarri du 'eraso ekintza armaturik' ez egiteko erabakia hartu duela

Goiena 2010ko ira. 5a, 15:18
Gaur eman du horren berri BBCra eta 'Gara'-ra bidalitako bideo eta agiri banaren bidez. Horietan zehaztu hainbat hilabete direla "eraso ekintza armaturik" ez egitea erabaki zuela, eta nabarmendu du prozesu demokratiko baten eszenatokira iritsi ahal izateko herriari "hitza emateko prozedura finkatzea" ezinbestekoa dela. Posizio abertzaleetatik baikortasun printza batzuk ikusi diren bitartean PP eta UPyD alderdiek dagoeneko esan dute hauteskundeei begirako estrategia dela eta espero duten albiste bakarra ETAren desagerpena bera dela. Xehetasunak albistearen barruan.

 

 

Alderdi politikoen lehen adierazpenak

Arratsaldeko lehen orduan BBC telebista kateak zabaldutako adierazpenaren ostean alderdi politikok zuhurtziara jo dute hasierako balorazioak egiterako orduan. EAJk dagoeneko esan du gaurkoz ez duela adierazpenik egingo eta biharko ohiko batzarrean aztertuko du Euskadi Buru Batzarrak talde armatuaren iragarpena. Euskadiko Alderdi Popularreko buru den Antonio Basagoitik, ordea, albistea jakin eta gutxira hitz egin du argitzeko "komunikatua hauteskundeei begirako estrategia hutsa dela eta ezinbestekotzat ematen duen bakarra "ETAren amaiera" dela; UPyDko Gorka Maneiroren antzerako adierazpenak nork berresten baitu "baldintzarik gabe desagertu behar" duela ETAk.

 

 

Alderdi abertzaleen lerroetan baikortasun gehiagorekin hartu da albistea. Aralarrek, esateko, berri "baikor eta garrantzitsutzat" jo du. Ildo berean EAko idazkari orokorrak, Pello Urizarrek adierazi du "orain pilota beste teilatu batean dagoela" Espainiako Gobernuari erreferentzia eginaz. Aldi berean zera gogorarazi du "euskaldunok presio egin beharko" dugula "benetako aurrerapausuak" eman daitezen. Ezker abertzaleak, bere aldetik, datozen orduetan emango du jakitera bere adierazpena.

 

Goiena.net-etik ere gertuko jarraipena egingo diogu egunean zehar ETAren iragarpenari ibarreko ordezkari politikoen lehen inpresioak jasota.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak