ETAk agirian esandakoak gaitzetsi ezean, EAEko hautetsien dimisioa eskatuko du EAJk

Miren Arregi Amasorrain 2008ko apirilaren 2a

EAEk ETAk azken agirian Alderdi Sozialistako militanteen aurka egindako "mehatxuak" gaitzetsi ezean, EAJk adierazi du Eusko Abertzale Ekintzako udal eta erakundetako ordezkarien dimisioa eskatuko duela mozio bidez.

Arratsaldeko 7retan Bilboko Sabin Etxean EBBk egindako bileraren ostean agerraldia egin dute Iñigo Urkulluk EBBko presidenteak, Joseba Egibar GBBko presidenteak eta Belen Greaves burukide jeltzaleak.

Alderdi Jeltzaleak, ETAk azken agirian Alderdi Sozialistaren aurka eginiko "mehatxuak" gaitzesteko eskatzen dio Eusko Abertzale Ekintzari. Hori gertatu ezean, Eusko Alderdi Jeltzaleak EAEk erakunde eta udaletan dituen ordezkarien dimisioa eskatzeko mozioak aurkeztuko ditu.

EAEri erantzun azkarra eta publikoa eskatu dio EAJk. Hala egiten ez badute EAEko karguen dimisioa eskatuko du, Urkulluren hitzetan, ordezkari politiko bati eskatutako gutxieneko etikoetara ez heltzeagatik.

EBBko presidenteak gaineratu du, dimisioa eskatzeko mozio hauek ez badute aurrera egiten, balitekeela EAEko karguen aurkako zentsura mozioak babestea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak