Irailean, bidaia gutxi
Abuztuan ibarreko jende asko ibili da kanpoan. Hemengo bidai agentziek ez dute eskaeran inolako beherakadarik igarri. Irailerako, berriz, sumatzen dabiltza jende gutxik bidaiatuko duela. Are gehiago, azken urteotan baino askoz jende gutxiago joango da kanpora irailean.
Espainiako kostaldean eta irletan
Hori bai, aurten noranzko aukeraketan igarri dute aldaketa. Debagoiendar gehienek gurago izan dute Espainiako kostaldera edota Kanariar edota Balear irletara oporretara joatea. Eta ez dira beste urte batzuetan moduan urrunago joan.
Hain zuzen ere, eguzkia hartzeko eta atseden hartzeko gogoz egon dira debagoiendarrak, eta horregatik Espainiako kostaldeko eta irletako hondartzak izan dira preziatuenak.
Debagoienean beherakadarik ez
Bidai agentzietako arduradunek kontatu digutenez, beste zonalde batzuetan igarri da krisi ekonomikoaren ondorioa edo beldurra, eta abuztuan bidaia gutxiago izan dira. Debagoienean, berriz, ez dute beherakadarik izan orain arte, baina dagoeneko konturatu dira irailerako oso eskaera txikia dagoela, aurreko urteetan baino askoz txikiagoa. Orain hasi dira arlo horretan berehakada igartzen.
Bestalde, bidaiak ordaintzerako orduan ere jendeak ez du eragozpen edo zailtasun handirik erakutsi. Hala, epeka ordaintzeko eskaera oso gutxi izan dituzte, nahiz eta agentziek aukera hori eman.