Espainiako banderaren jartze-ekitaldira joateko dei egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Usoa Agirre 2010eko otsailaren 22a

Eneko Goia Foru Aldundiko bozeramaileak dei egin die gipuzkoarrei datorren zapatuan, hilak 27, Donostiako Gipuzkoa plazako foru-eraikinean egingo den ekitaldi instituzionalera joan daitezen. Bertan Espainiako bandera jartzeko aginduaren gaineko adierazpen instituzionala irakurriko dute.

Eneko Goiak dioenez "une historiko bat izango da, Foru Gobernuak bere erabakia jakinaraziko du bertan, Espainiako bandera foru jauregian jartzeko epaiari buruz, eta pertsona asko daude une hori gure erakundearekin konpartitu nahian. Historian zehar, derrigorrez bete behar izandako hainbat erabakiren mendean egon behar izan du gure gizarteak. Dagoeneko gainditutzat jotzen genituen halako egoerak, baina berriz ere une historiko anakroniko baten aurrean gaude, gure herriaren gehiengoak duen borondatearen kontrako une bat baita. Horregatik, duela egun batzuk lurralde historiko honetako hautetsiei egindako gonbidapena luzatu nahi diet herritar guztiei".

Lehengo astean zehar, Markel Olano diputatu nagusiak gutun ofizial bat bidali zien alderdi guztietako hautetsiei, foru gobernuak zuen asmoaren berri emanez eta larunbateko ekitaldi ofizialean parte hartzera gonbidatuz.

Diputatuen Kontseilua ordubete lehenago (goizeko 10etan) bilduko da, aparteko batzarrean, adierazpen instituzionala onartzeko. Hain zuzen ere, adierazpen instituzional hori irakurriko du diputatu nagusiak ekitaldian, bere gobernukide guztiek lagunduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak