Eskualdeko ospitale berria eraikitzen hasiko dira urtea amaitu baino lehen

Aintzane Irizar 2007ko urr. 19a, 11:41
Aurrera doa eskualdeko ospitalea handitzeko proiektua. Arrasateko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren artean dagoeneko hitzarmena sinatu dute; hitzarmen horren arabera, Udalak Jaurlaritzari emango dio doan 2.730 metro koadroko lur-saila, ospitalearen eraikin berria egiteko. Hitzarmenean jasotzen da, bestalde, Osakidetzak aparkalekuak egin behar dituela ospitalearen inguruan.

Lehenengo harria, laster

Jose Luis Angulo Debagoieneko eskualde ospitaleko gerenteak adierazi duenez, proiektuaren lehenengo faseko lanak laster esleituko dituzte. Urriaren 10ean bukatu zen enpresek euren proposamenak aurkezteko epea eta 17 enpresa aurkeztu dira. Bizpahiru aste barru erabakiko dute zein enpresak egingo dituen lanok.

Horren harira, urtea amaitu baino lehen, azaroan edo abenduan, lehen harria jartzeko ekitaldia egingo dute agintariek.

Lanak hiru fasetan

Esan bezala, aurten hasiko dituzte lehen faseko lanak; fase horretan, eraikinaren zati bat egingo dute, anbulatorioaren atzeko aldekoa, hain zuzen ere. Behin eraikin hori eginda, gaur egungoaren atzeko zatia, zati zaharra, bota egingo dute eta hantxe jarraituko dute eraikitzen. Hirugarren fasean, gaur egungo eraikinaren zati berria egokituko dute. Horrela antolatuta geratuko dira eraikinak: lehenengo fasean eraikiko dutena izango da ospitalearen muina: 120 ohe egongo dira hantxe, ebakuntza eta erditze gelak, unitate bereziko (UCI) bost ohe eta larrialdiak, besteak beste. Gaur egungo eraikin zaharra dagoen tokian egongo dira administrazioa eta zuzendaritza, laborategiak, egonaldi laburreko unitatea, harrera, ekitaldietara aretoa eta abar. Azkenik, gaur egungo eraikinaren zati berrian jarriko dituzte kanpoko kontsultak, probak egiteko tokiak eta errehabilitaziorako gunea, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak