Eskualde ospitaleko gerenteak dio "astakeria" litzatekeela aparkalekuen arazoagatik instalazio berrien lanak geldiaraztea

Julen Iriondo 2010ko ots. 15a, 17:31
Gauza jakina da Arrasateko Eskualde ospitale inguruan aparkatzea ez dela kontu erraza. Aparkaleku premia agerikoa da, eta autoa uzteko toki gehiago egokitzeak ezinbestekoa dirudi. Orain, ordea, eztabaida sortu da aparkalekuok egitearen ardura nori dagokion erabakitzerakoan. Ospitaleko arduradunek salatu dute Arrasateko Udalak mehatxu egin duela ospitale berriaren lanak geldiaraziko dituela Osakidetzak aparkalekuak egiten ez baditu. Jose Luis Angulo ospitaleko gerenteak adierazi du aparkalekuak egitea ez dela osasun arloko erakundearen eginbeharra.

Osakidetzak eta aurreko agintaldiko udal arduradunek ospitale berria egiteko sinatutako hitzarmenean dago arazoaren jatorria. Jose Luis Angulo eskualde ospitaleko gerenteak adierazi duenez, hitzarmen hartan aparkatzeko tokiak egiterakoan bere ekarpena egiteko konpromisoa hartu zuen Osakidetzak. Angulok dio egungo Udalak hortik ondorioztatzen duela Osakidetzak hartu behar duela beregain inguru hartarako behar diren 300 aparkatzeko tokiak eraikitzeko ardura. Ospitaleko arduradunak, ordea, dio ekarpena egitea ez dela aparkaleku guztiak eurek egitea. Osakidetzak eraikin berriaren sotoan ospitaleko eta anbulatorioko langileek aparkatzeko 127 toki egingo ditu, eta Angulok adierazi du horixe dela bere garaian hitzartutako ekarpena. Eztabaida honen aurrean, baina, Arrasateko Udalak ospitale berriko lanak geldiarazteko mehatxua egin duela-eta asaldatuta agertu da Jose Luis Angulo: "Hedabideetan agertu denaren eta udalak bidali digun ebazpenaren arabera, Osakidetzak ustez adostutako 300 aparkatzeko egin ez dituelako, ospitalea eraikitzeko lizentzia bertan behera utziko dute. Gatazka hau konpondu egin beharko da dagokion tokian; onargarria iruditzen ez zaiguna da ospitale berriaren lizentzia bertan behera uztearen mehatxua egitea. Astakeria handia iruditzen zaigu".

Angulok adierazi du ezin dela trukerako txanpon gisa ibili ibarreko bizilagunek hain beharrezko duten zerbitzua, eta gehitu du aparkalekuak egiteko ardura udalarena dela, hala dela beste ospitaleen kasuan ere. "Gure eginbeharra da eskualdeko bizilagunen osasun beharrak asetuko dituen azpiegiturak izango dituen ospitalea egitea. Hori da guri dagokiguna".

Asmoa da ospitale berriko lehen faseko lanak aurten amaitzea, eta urtea amaitu aurretik erabilgarri egotea anbulatorio atzean egiten ari diren eraikin berria. Bertan egongo da langileentzako aparkalekua, beraz, Angulok adierazi du ospitalera doazenen aparkaleku premia arintzeko aukeretako bat izan daitekeela egun langileek erabiltzen duten Fagorren lantegiaren aparkalekua herritarrendako uztea. Dena dela, hark 100 autorendako du lekua, eta gehiago beharko liratekeenez alde guztiek elkar uler dezaten nahia eta asmoa agertu du ospitaleko buruak. Adierazi du ospitale berriaren gaiari dagokionez orain arte elkarlan onean jardun dutela udalarekin; horregatik udalari eskerrak eman eta modu berean jarraitzeko gogoa erakutsi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak