Euskadiko Tunelik luzeenaren, Isuskitzako tunelaren barruan egin dute gaur eguerdian Ap-1 autobidearen Eskoriatza eta Luku arteko tartearen inaugurazioa.
Ekitaldian parte hartu dute besteak beste, Juan Jose Ibarretxe jarduneko lehendakariak, Markel Olano Gipuzkoako Aldun nagusiak eta baita Arabako aldun nagusia den Xabier Agirrek ere. Debagoieneko alkaterik ere ikusi ahal izan da bertan, Eskoriatzako Pedro Lasagabaster eta Aretxabaletako Inazio Garro, hain zuzen ere. Denek ere, Gipuzkoa eta Arabaren arteko muga zeharkatzen duen tunela barrutik ezagutzeko aukera izan dute.
Jaurlaritzako eta aldundiko beste hainbat ordezkari ere egon dira Isuskitzan, eta hedabideen aldetik, interes handia piztu du ekitaldiak. 17 kilometro ditu gaur ireki duten autobidearen zatiak, eta honekin, autobideak dituen 7 zatietatik 6 irekita daude dagoeneko.Tarte honen barruan sartzen da Eskoriatza eta Isuskitza arteko zatia, 10,8 kilometro dituena. Gipuzkoatik igarotzen da tarte honen gehiengoa, eta bere baitan ditu bost zubi eta bi tunel. Isuskitzako tunela, hain zuzen ere, Euskadiko luzeena da: 3,4 kilometro ditu: horietatik 2 kilometro pasatxo Gipuzkoan daude, gainerakoa Araban.
Tunelik luzeena izanda, bere inguruko zenbakiak ere ez dira makalak: 3 hodi lotura daude autoen pasabiderako, eta beste 8 oinezkoen pasabiderako. 81 kontrol kamera, 247 bozgorailu, 46 haizagailu eta 63 larrialditarako zutabe. Honetaz gainera, segurtasun elementuak ere ugari dira. Arrasate eta Eskoriatza arteko zatia da AP1 autobidea osatzeko irekitzeko geratzen den bakarra. Arduradunen esanetan, ekainean irekiko dute zati hau, eta ordura arte, doakoa izango da Eskoriatzatik Lukura arteko zatia.