Eskolako sukaldea mantendu gura dute Bergaran eta Oñatin

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko urriaren 10a

Bergarako San Martin Agirre Eskola eta Oñatiko Errekalde Herri Eskola ez datoz bat Hezkuntza Sailak ezarri gura duen jangela ereduarekin. Hezkuntza Sailak 'catering' enpresen bitartez gestionatu gura ditu eskoletako jangelak, eta Bergarako eta Oñatiko eskola publikoek –Urretxu eta Zarauzkoekin– orain arteko ereduarekin jarraitzea eskatzen dute.

“Gurasook parte-hartze zuzena dugu gure umeen menuan. Herriko dendetan erosten ditugu jakiak eta badakigu jaten dutena nondik datorren”, azaldu du Miren Plazaolak, Oñatiko Errekalde Herri eskolako guraso batzordeko lehendakariak. Bergarako gurasoko elkarteko arduradunak ere azaldu du euren lan egiteko eredua Oñatikoaren berdina dela.

Menu itxiak

“Hezkuntza sailak ezarri gura duen ereduaren arabera, catering enpresak berak ekarriko lituzke jakiak; gainera, menuak hiru hilabeterako izango lirateke eta itxiak. Guk, ostera, hilero egiten ditugu menuak”, dio Plazaolak bi ereduen arteko aldeaz galdetuta.

2000. urteko dekretua

Hezkuntza sailaren eredua 2000. urtean sartu zen indarrean dekretu bitartez. “Baina han esaten da salbuespen moduan, gestio ez zuzeneko jangelak mantenduko direla. Hortaz, guk horri heldu diogu”, dio. Orain, Hezkuntza sailarekin harremanetan dihardute.

Hezkuntza Sailak gogorarazten du administrazioak ikastetxe publikoetako jangelak zuzenean kudeatzeko agindua 2000. urtekoa dela. Hezkuntza Saileko langileak diren sukaldariak ikastetxe publikoetan egotea da helburua.

440 ikastetxe

Gaur egun, sare publikoko ikastetxeetako jangela ia guztiak –440– zuzenean kudeatzen ditu Hezkuntza Sailak, eta azpimarratzen du baldintza "zorrotzak" dituela. Hala ere, gertu dago euren ereduarekin jarraitu nahi duten eskolekin hitz egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak