Eskabidea berritu behar dute Etxebiden lau urte baino gehiago daramatzatenek

Mirian Biteri 2007ko ira. 14a, 11:29
Berrikuntza idatzia aurkezten ez dutenak Etxebidetik kanpo geratuko dira. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu behar da.

Orain dela lau urtetik gora etxebizitza eskatzaileen erregistroan (Etxebide) izena eman zutenek eskabidea berritu behar dutela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak.
Horrez gain, esandakoa egiten ez dutenak Etxebidetik kanpo geratuko direla ohartarazi du. Horrek esan gura du, besteak beste, etorkizunean ezin izango dutela ibarrean egiten diren babes ofizialeko etxebizitzen zozketetan parte hartu.

Irailaren 25a, azken eguna

Eskabidea aurkezteko epea hilaren 3an zabaldu zen eta irailaren 25ean amaituko da. Etxebideko teknikari Miren Argi Zeziagak jakinarazi duenez, eskabidea berritu behar dutenei eskutitz bat helduko zaie. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak dituen lurralde ordezkaritzetara bidali beharreko idazkia izango du barruan.

Horrekin guztiarekin batera, Etxebiden sartuta jarraitu gura duenak hori bete behar duela eta interesa adierazten ez duenari automatikoki baja emango zaiola ohartarazten du idazkiak. Berrikuntza idatzia ez bazaio iristen, lurralde ordezkaritzetan eta Interneten aurkituko du interesatuak informazio hori, www.etxebide.info webgunera sartuta.

Zeziagak azaldu duenez, datu pertsonalak eta etxebizitza-eskariaren espediente-zenbakia jarri behar dira idatzi horretan. Gainera, etxebizitzaren etorkizuneko titular guztien sinadura izan beharko du. Eskabidea bete ostean, bakoitzari dagokion lurralde ordezkaritzan aurkeztu beharra dagoela gaineratu du. Debagoienekoen kasuan, Gipuzkoako ordezkaritzan.
Esan bezala, berrikuntza idatzi hori entregatzeko gehienezko data irailaren 25a da. Hala ere, azken egunerako ez uztea gomendatu du Etxebideko teknikariak.

Posta bidez bidal daiteke berrikuntza idatzia

Etxebideko teknikari Miren Argi Zeziagak berrikuntza idatzia posta bidez bidaltzeko aukera dagoela azaldu du. Behin idazkia beteta dagoela, Correoseko egoitzera joan beharra dago.
Gutun-azalak zabalik egon behar du, han idazki horren kopia bat emango zaio-eta interesatuari, sarrera datarekin. Ondoren, gutun ziurtatua Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzara bidaliko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak