Erroldako datuak ikusteko azken eguna da gaur, astelehena

Leire Kortabarria 2007ko api. 16a, 10:58
Udaletako, Erkidegoko eta Foru Aldundiko hauteskundeetan, maiatzaren 27an, bozkatzeko eskubidea duten herritarrek gaur, astelehena, dute euren datuak erroldan ondo dauden egiaztatzeko azken aukera; izan ere, gaur bukatzen da horretarako epea. Etzi, eguaztena, alderdi politikoek edo hautes zerrendek euren burua aurkezteko epea irekiko da.

Norbera erroldatuta dagoen herriko udaletxean dago datuak ikusteko aukera, udaletxeko ordutegian. Zuzenketarik edo erreklamaziorik egin nahi duenak inprimaki bat bete behar du.

Era berean, bozkatzeko eskubidea duen herritar bakoitzak zentsu-txartel bana jasoko du bere datuekin.

Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko hauteskundeetan –2005eko apirilekoak– baino jende gutxiagok izango du bozkatzeko aukera oraingoan: 1.789.896 biztanlek, hain zuzen, 2005ean baino 9.604 gutxiagok.

Posta bidez

Beste epe bat ere zabalik dago, maiatzaren 17ra bitartean: posta bidez bozkatzeko aukera eskatzeko epea, hain zuzen ere.
Horretarako, bozkatzaileak berak egin dezake eskaera, dagokion posta bulegoan. Posta bulegoak eskaera helaraziko dio  dagokion Probintzia Ordezkaritzari. Interesatuak posta bulego berean jasoko ditu bozkatzeko dokumentuak handik gutxira.

Ezker abertzaleak sinadurak batzen dihardu egunotan

Herri plataformak eratzeko, sinadurak batzen ibili da ezker abertzalea. Udal bulegoetan ibili dira lan horretan; argazkian, Bergarako Udal Idazkaritzan sinadura batzea. Arrasaten eta Bergaran, joan den astean hasi ziren; Antzuolan, egunero egongo dira udaletxean, 09:00-15:00 ordutegian; Eskoriatzan, gaur eta bihar; eta Oñatin, gaur eta bihar, 18:00-20:00, eta etzi, 14:00-16:00. Notaritzan ere eman daiteke sinadura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak