Erretiroa 55 urtera aurreratzea aztertuko du Mondragon taldeak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko ira. 5a, 11:10
Mondragon taldea aurretiko erretiroa 55 urtera aurreratzea aztertzen dabil. Irailaren 24an Mondragon taldeak egingo duen batzarrean aztertuk dute gai hori; hain zuzen, Egiturazko langabezia delako ponentzian. Ponentzia horrek bi ardatz nagusi izango ditu: behin behineko birkokapenak eta aurretiko erretiroak. Ponentziaren muina kooperatibetan egiturazko langabeziari aurre egiteko proposamen berriak garatzea izango da,TU Lankide aldizkariak aurreratu duen moduan.

Taldeak argi utzi gura du neurri horiek “prebentziozkoak”direla. Hau da, kooperatibetan egiturazko langabeziaren inguruan ager daitezkeen egoerak konpontzeko neurriak izango lirateke.
Ponentziak bi soluzio aztertuko ditu; baina aurretiko erretiroei buruzkoa da ikusmin handiena piztu duena. 55 urterekin aurretiko erretiroa hartzeko aukera aztertzen da ponentzian, eta irizpide orokor gisa iraupena 61 urtera arte luzatzeko aukera, gehienez ere sei urterako. Gaur egun aurretiko erretiroa hartzeko adina 58 urtekoa da, gehienez ere hiru urteko iraupenarekin.
Neurri hori egoera kritikoetan dauden kooperatibetan gerta daitezkeen ezohiko kasuen testuinguruan kokatzen da. Hau da, krisiei aurre egiteko neurri gisa ikusten da aurretiko erretiroa 55 urtera aurreratzea.

50-58 urte bitarteko langileei irtenbidea

Modu honetan, 50 eta 58 urte bitarteko langileei irtenbidea ematea aurreikusten da. Izan ere, gaur egun, adin tarte horretan dauden hainbat langilek ez dute erretiroa hartzeko modurik eta irtenbide barik daude 58 urte bete arte.

Lagun Aroren erabakia

Aurretiko erretiroa noiz ezarri Lagun Aroko Prestazio Batzarrak erabakiko du; hau da, ez da kooperatibarendako eskubide automatikoa izango. Kooperatiba eta egoera aztertu ostean, Lagun Arok erabakiko du aurretiko erretiroa 55 urtera aurreratu edo ez. Horretarako, Lagun Arok Kooperatiba egiturazko langabezian dagoela onartu beharko du.

Birkokapenak

Irailaren 24ko ponentzian aztertuko den beste neurria behin betiko birkokapenena izango da. Hala, irizpide berriak proposatuko dituzte egiturazko langabetuak kooperatibetan birkokatzeko. Planteamendu berriarekin birkokapena derrigor bete beharreko baldintza bihurtuko da kooperatiba hartzailearentzat.
Beste neurriarekin gertatzen den bezala, Kooperatiba egiturazko langabezian dagoela onartu beharko du Lagun Aroko Prestazio Batzarrak neurria ezartzeko orduan. Hori guztia hilaren 24ko ponentzian aztertuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak