Errepideak garbi eta zabalik daude ibarrean

Maider Arregi 2010ko ots. 12a, 09:15
Debagoieneko errepideak zabalik eta garbi daude; autobusak ere badabiltza. Une honetan ez dago auto istripurik, ezta auto ilararik. Hala ere, Leintz Gatzagako mendatean kateak behar dituzte ibilgailu guztiek eta Kurtzeta itxita dago kamioiendako eta autoek kateak behar dituzte. Herrizaingo Sailak kontuz gidatzeko eskatu du izotza nagusi delako errepidean. Ondorengo orduetan elur gutxiago botako du eta eguraldia baretzen hasiko da; baina izotz handia iragarri dute:

Euskalmeten iragarpena:

BARIKUA, OTSAILAK 12

Ostiralean izotzarekin jarraituko dugu. Tenperaturan ez dugu aldaketa handirik espero behar eta ondorioz, kostaldean termometroak 3-5 ºC-ra igoko dira gehienez eta barnealdean 0-2 ºC inguruan geratuko dira. Elurra oso maila baxuetan botako du baina prezipitazio gutxi egingo du eta gainera arratsaldetik aurrera atertzen hasiko da. Hala ere, zerua lainotuta egongo da egun osoz eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko da eta ondorioz, mendebaldean botako du batez ere.

ZAPATUA, OTSAILAK 13

Larunbatean hotz handia egingo du. Hodeiek zerua estaliko dute, eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko da. Gauzak horrela, tenperaturan ez da aldaketa handirik gertatuko eta botatzen duen prezipitazio urria mendebaldean batez ere pilatuko da. Beraz, asteburuko lehen egunean eguraldian ez dugu desberdintasun handirik sumatuko.

DOMEKA, OTSAILAK 14

Igande arratsaldean hoberako bidean hasiko da eguraldia. Goiz partean zerua lainotuta egongo da oraindik ere, eta mendebaldean bereziki prezipitazioa egingo du. Arratsaldean atertu eta ostarteak zabaltzen hasiko dira. Tenperatura maximoak zertxobait igoko dira baina, hala ere, elur-maila 100 m-ra kokatuko da egunaren lehen partean. Iluntzetik aurrera tenperatura asko jaitsiko da eta izotz handia botako du hainbat tokitan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak