Errepideak berritzeko dirulaguntzak agindu ditu Aldundiak

Mirari Altube Arrese 2007ko urt. 2a, 19:02
Debagoieneko hainbat errepide berritzea erabaki du Aldundiak, eta dirulaguntzak agindu ditu horretarako. Antzuolako mendebaldeko sarbidea berrantolatzeko izango da diru kopururik handiena, milioi bat euro pasatxo. Arantzazuko aparkalekua antolatzeko izango da beste partida bat.

2006ko azken Diputatuen Kontseiluan erabaki zuten dirulaguntzak ematea hainbat errepide konpontzeko eta Debagoieneko hainbat herrik jasoko dituzte.

Antzuolak milioi eurotik gora

Diru kopururik handiena Antzuolak jasoko du, milioi bat euro pasatxo. Gipuzkoa-632 errepidearen mendebaldeko sarbidea berrantolatuko dute; izan ere, egunero 11 mila ibilgailu baino gehiago hartzen ditu errepide zati horrek eta irisgarritasun eta segurtasun baldintzak hobetu gura dizkiote. Hala, Gipuzkoa-3112 errepidera sartzeko zubiaren parean beste bidegurutze bat egingo dute, eta herrigunerako beste sarbide bat Kalebarrenetik. 6 hilabetean egingo dituzte lanok.

Bestalde, Antzuolako Uzarraga auzora doan errepidearen zatia zabaldu eta hobetzea ere onartu zuten. Lizarragako hiribidera doan zubia ere zabalduko dute, eta lan horiek 271 mila euroko aurrekontua daukate.

Arantzazuko aparkalekua berrantolatzeko

Aldaketa handia ekarriko duen beste proiektu bat Arantzazuko aparkalekuaren berrantolaketa da. Horretarako 215 mila euroko aurrekontua onartu zuen Diputatuen Kontseiluak, eta lanok bi hilabeteren bueltan bukatuko dituzte. Arantzazun sortzen diren aparkaleku arazoak konpondu gura dituzte lanokin. Hala, txartelen bidez edo urrutiko aginteak erabilita zainduko dute autoen sarrera, eta pibota finkoak edo automatikoki ezkutatzen direnak ere jarriko dituzte. Helburua da Sindika inguruan ez aparkatzea hainbeste autok, eta nagusi eta ezinduek santutegitik gertuen dauden aparkalekuetan lekua izatea. Aste Santu ingururako gertu egotea gura dute jendetza handia hurreratzen delako garai horretan.

Eskoriatzako bi elizateendako

Hainbat errepideren zoruak berritzeko dirulaguntzak ere onartu zituzten. Eskoriatzako Bolibar eta Mendiola elizateetara doazen errepideak konponduko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak