Errepide nagusietako bidesariak, gertuago

Txomin Madina Milikua 2010ko mar. 23a, 18:10
Bidesari berrien ezarpenak oraindik ez du data zehatzik, baina asmoa da lehenengoa Etxegaraten jartzea. Bukatzeke dagoen Beasain-Durango errepidea erabiltzegatik ere ordaindu araztea aurreikusten da, Deskargan hain zuzen ere.

EAJ, H1! eta Alderdi Sozialistaren aldeko botoekin eta Aralar, PP eta Ezker Batuaren kontrakoekin onartu zuen atzo Batzar Nagusien Bide Azpiegituretarako batzordeak lurraldeko bide-sarearen kudeaketari  buruzko txostena, errepide sare nagusietan bidesariak ezartzea ahalbideratuko duena.

Txostenaren ondorioetan azaltzen denez, erabiltzaileek Gipuzkoako errepide sarearen finantzaketan parte hartu behar dute eta horretarako beharrezkoa da une honetan zergen bidez bakarrik finantzatzen diren gaitasun handiko bideetan bidesariak jartzea.

Hasiera baten kamioientzat planteatzen da bidesarien eredua, baina apurka-apurka ibilgailu arinei aplikatzea ere aurreikusten da. Gipuzkoarrentzat deskontu sistemak eta desgrabazioak aplikatzea da asmoa, baita bidesari berriak jartzearen ondorioz, AP-1 eta AP-8ko autobideen prezio eta deskontuetan egokitzapenak aztertzea ere. Ahal den heinean gainera, bidesariekin lortutako diruaren zati bat garraio publikoa finantzatzeko eta mugikortasun jasangarria sustatzeko erabiliko da txostenean azaltzen diren ondorioen arabera.

Behin txostena onartuta, foru araua landu beharko du Aldundiak, eta ondoren, Batzar Nagusietan aurkeztu. Han egingo zaizkion emendakinak eztabaidatu ostean araua onartuz gero, bidesarien ezarpena gauzatu ahalko da.

Deskarga, aukeretako bat

Itxura guztien arabera, Etxegaraten ezarriko dituzte lehen ordainlekuak baina Debagoieneko errepideetan ere ikusiko dugu halakorik, Deskargan hain zuzen ere, oraindik ere amaitzeke dagoen Beasain-Durango errepidean.

Zenbait hedabidetan jakinarazi dutenez, Foru Aldundiak landutako txosten teknikoetan aipatzen dira dagoeneko bidesariak bidesarien zenbatekorako proposamenak. Etxegaraten bost eta sei euro bitartean proposatzen dira ibilgailu astunentzat; Deskargan aldiz, euro bat ibilgailu arinentzat eta bederatzi edo hamar astunentzat.

AP-1en, uste baino erabiltzaile gutxiago

AP-1 autobidea ere izan zuten berbagai atzoko batzordean. Autobideak ez ditu aurreikuspenak bete, eta hala, bere erabilera aurreikusitakoa baino %26 txikiagoa izan da. Rebeka Ubera diputatuak horren inguruan galde egin zion atzoko batzordean Eneko Goia, Bide Azpiegituretarako diputatuari. Goiaren esanetan, erabileren datuez haratago, autobidearen helburua da Debagoienerako irisgarritasuna hobetzea da eta gaineratu zuen ez dela egia bidesari berriekin AP-1aren kontuak borobildu gura direnik. 







                                                            

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak