Autolikidazio proposamenak
Kanpaina bihar hasi arren, autolikidazio proposamenak dagoeneko jaso dituzte askok etxean eta joan zen eguaztenetik aurrera onartzeko aukera dago. Horiek maiatzaren 8a arte izango dute epea erantzuna emateko. Bederatzigarren urtez gertatu dituzte aurten autolikidazio proposamenak; iaz, esaterako, 176.011 proposamen bidali zituzten, eta horietatik 146.884 onartu. Aurten gehiago bidali dituzte, 205.443 proposamen hain zuzen; horietatik itzultzekoak dira 172.696 eta ordaintzekoak, 32.747. Itzultzekoen kasuan, proposamena onartzen denetik hiru eguneko epean ordainduko dute dirua. Aitorpena ordaintzekoa bada, ostera, bi modutara ordain daiteke: bi zatitan -%60 ekainaren 30ean eta beste %40 azaroaren 10ean- edo dena batera ekainaren 30ean.
Aitorpen mekanizatua
Autolikidazio proposamenik jaso ez dutenek eta onartu ez dutenek, beste bide batzuk dituzte egiteko bihartik aurrera: mekanizatua Ogasun bulegoan, Internet bidezkoa eta papererezkoa. Mekanizatua egiteko Foru Ogasunak Bergaran duen bulegora joan behar da eta horretarako aurrez hartu behar da txanda. Gaur bertan hasiko dira ematen txandak Internet bidez eta 902 100 040 telefono zenbakira deituta. Gipuzkoan, iaz, 103.597 lagunek hautatu zuten mekanizatua egitea; horietatik, 8.363 debagoiendarrak izan ziren. 2006an baino %1,96 gehiago izan ziren mekanizatua egindako debagoiendarrak. Aitorpena finantza entitateen bidez aurkeztea aukeratzen duten herritarrek -Kutxa, Euskadiko Kutxa, Caja Rural, La Caixa edo Banco Guipuzcoano- zerga informazioko datuetan sartzeko baimena eman diezaiokete entitateari.