Lehen bi laurdenak parekatuak
Lehen minutuetan bi taldeak joko eta intentsitate aldetik paretsu irten ziren kantxara, bai Muguruzaren neskak (Biurrarena) eta baita Joan Albert Cuadrat-enak (Hondarribia) ere. Hala eta guztiz ere Hondarribiako Gortman jokalariak lehen minutuetatik erakutsi zuen bere nagusitasuna taula azpian eta eraso eta defentsako erreboteetan jaun eta jabe izan zen. Baina hasierako minutuetan Arantzazu Muguruzaren neskek ederki eutsi zioten hondarribiarren intentsitateari, eta markagailuan ez zen alde handirik egon atsedenaldian (44-31). Lehen zatiko amaieran baina, Biurraren taldean jokatzen duen Itziar Mallabiabarrena arrasatearrak– hasierako bostekoan atera zen– kolpe bat izan zuen aurpegian eta minutu batzutan jokatu gabe egon zen. Bere lana txukuna izan zen– 9 puntu–.
Hirugarren laurdenak erabaki
Hirugarren laurdenean, partidua apurtu zuten hondarribiarrek, eta Muguruzak adierazi zuen bezala "fisikoki behera egin dugu hirugarren laurdenean; aste guztian zehar gogor aritu gara entrenatzen ligako partidurako eta hori jokalariek asko nabaritu dute".
Momentu horretan eta erreakzioaren bila, Biurrarena taldea kantxa guztiko presioa egiten hasi zen, baina hondarribiarrek ederki apurtu zuten presio hori; eta markagailuko diferentziak gora egin zuen nabarmen (70-46). Azken hamar minutuetan Cuadrat-en neskek behin eta berriz kontraerasoko jokoa egin zuten; hiruko marratik ere esku fina dutela erakutsi zuten. 12 hiruko sartu zituzten guztira–zazpi azken laurdenean– ; Biurrarenakoek, berriz, bi. Azkenean 43 puntuko diferentzia hondarribiarren alde (101-58). Partiduko saskiratzaile nagusia eta jokalari onenaren saria eraman zuena, Hondarribia taldeko Lovelace amerikarra izan zen (33 puntu). Azpi txapeldunaren saria, Biurrarenako kapitain Delgadok jaso zuen, eta txapeldunarena, berriz, Hondarribia-Irun taldeko Quintero kapitainak. Aurtengoa Eskoriatzan jokatu den hirugarren Euskal Kopa izan da eta hirurak Hondarribiak irabazi ditu.