Eroskiren kooperatibizatzeak ika-mika sortu du bazkideen artean

Mirian Biteri 2008ko uzt. 23a, 19:48
Eroskiren erronka garbidea da. Taldeak gaur egun dituen 50.000 langileetatik gehienak bazkide kooperatibista izatea. Bazkide batzuk ez daude egitasmo berri horrekin konforme eta prozesua eteteko eskatu dute.

TU Lankide aldizkarian azaltzen dutenez, proposamenak harrera ona izan du. Adierazten dutenez, Eroski kooperatibak dagoeneko aldeko botoa eman zuen ekainean egindako bilkuran eta Gespako, partaidetzako sozietateetako, bazkideen %90 ere horren alde azaldu dira. Eroski taldeak bere kooperatibizazioa aurrera eramaten badu, Espainiako bigarren mailako kooperatibarik handiena bihurtuko dela diote.

 

Esan bezala, 50.000 langilek osatzen dute Eroski taldea. Horietatik, 8.500 dira kooperatibako bazkideak eta 5.000 inguru Gespako bazkideak. Gainontzekoak, 37.000 inguru, langile kontratudunak dira. Debagoienekoak eta Euskal Herrikoak ez ezik, Espainiako langile asko ditu Eroskik.

Datozen pausoak

Hemendik aurrera eman beharreko pausoez ere hitz egiten dute aldizkarian. Ekaineko bilkuran onartu ostean, hilabete honetan proiektua bidaliko zaie Eroskiko batzar orokorreko delegatuei. Iraila bitartean, errektore kontseiluak aurkezten diren helegiteen gainean iritzia eman beharko du. Eta jarraian, urri edo azaro aldera, ezohiko batzarra deituko dute, taldea kooperatibizatzen den edo ez erabakitzeko.

Egitasmo hori, baina, ez da denon gustukoa eta dagoeneko hasi dira horren kontrako iritziak entzuten. Azken asteotan bazkideen bi eskutitz jaso ditu GOIENKARIAk. Proiektu horren atzean botere-gunea Euskal Herritik kanpora ateratzeko eta Madrilen kokatzeko saiakera dagoela diote eta horren gainean eztabaidatzeko aukerarik ez dutela izan jakinarazi dute. Horretaz gain, prozesu horrek ekar ditzakeen ondorioez ohartarazi dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak