Eroskik ezkongabeei zuzendutako dendak irekiko ditu

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko eka. 26a, 14:16
Eroskik ezkongabeei zuzendutako dendak irekiko ditu. Asmoa, gaur egungo gizartean gero eta gehiago dauden ezkongabeen beharrak asetzea da eta horretarako, ezkongabeen merkatua garatu gura du Eroskik. Proba bezala, bi denda irekiko dituzte Eroski Merca izenarekin, bata Bilbon eta bestea Amorebietan. Gainera, asmoa, urtea amaitu baino lehen beste bi denda irekitzea da.

Merkatu berriak zabaldu direla argi dago; eta, horietako bat ezkongabeena edo familia unitate txikiena da. Familia unitate txikietan umerik gabeko bikoteak eta ezkongabeak sartzen dira.

Gora doan merkatua

Ezkongabeena gora doan merkatua dela ohartuta, Eroskik hauei zuzenduta denda bereziak irekitzea erabaki du. Denda horiek txikiak izango dira, 400 metro koadrotik beherakoak. Helburua, erosketak agudo egitea izango da, eta eroso; itxaroten egon barik eta ilarak pairatu barik. Bestalde, Eroski Merca dendetan produktu jakin batzuk egongo dira. Guztira, 1.700 produktu jarriko dituzte salgai; Eroskik adierazi du produktu horiek eguneroko erosketetan erosten diren produktuak izango direla, hau da, kontsumo handiko produktuak.

Salmahairik gabe

Eroski Merca dendek ez dute, besteak beste, arraina eta okela saltzeko salmahairik izango. Produktu guztiak ontziratuta egongo dira eta norberak hartu beharko ditu. Gainera, fruta eta barazkiak banaka hartzeko aukera egongo da.

Gaur egun ezagutzen diren Eroski etxeko gainontzeko dendekin alderatuta, produktuen salneurrien etiketak elektronikoak izango dira. Gainera, dendetako instalazioak ekoeraginkorrak izango dira,  eta izango duten argi instalazio berezia dela-eta, %30a aurreztuko dute dendok. Zorua erradiatzailea izango dute; modu honetan, denda barruko bero-energia ez da kanporatuko, eta lokala bera berotzeko erabiliko da. Gainera, puntako hotz energia izango dute.

Eroski Merca dendek diseinua zainduko dute; behar bereziak dituzten erosle jakinei zuzendutakoak izango dira.

Poltsa ekologikoa

Ekainaren 5etik aurrera daude kontsumitzailearen esku poltsa ekologiko eta berrerabilgarriak. Eroski taldeak ingurugiroaren alde egindako apustua izan da poltsena.  Poltsa ekologikoa material birziklatuz egina dago, eta erosteko poltsa konbentzionalarekiko aukera da. Hori erabilita 15 poltsa tradizional erabiltzea galaraziko da.

Poltsa ekologikoa eskuratzeko 10 euro zentimo ordaindu behar da; poltsa hondatzen bada, bigarren poltsa doan eskuratzeko bidea dago. Kontsumitzailea informatzeko, informazioa stand-ak jarriko ditu Eroskik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak