Eroski Taldeak Caprabo supermerkatu sarearen %75 erosi du

Maider Arregi 2007ko ekainaren 6a

Gaur goizean, ekainak 6, itxi dute akordioa. Horren arabera konpainia katalanaren %75aren jabe egingo da Eroski eta gaineko %25ak aurreko jabeen esku jarraituko du. Akordio honen ondorioz, 500 denda eta 15.000 langile gehiago izango ditu euskal enpresak.

 MCCren konpainiaren hitzetan akordio honi esker Espainiako banaketa alorreko enpresa garrantzitsuena bilakatuko da Eroski. Estatuan 2348 denda ditu, zortzi autonomia erkidegotan, 47.000 langile eta 8.600 milioi euroko fakturazioa.


Caprabok izenari eutsiko dio eta lan-baldintza berak izango dira

Akordioaren arabera, Capraboren egoitzak Katalunian egoten jarraituko du eta izena gordeko du merkatuan barneratuenen dagoen lekuetan (batez ere Katalunian); Eroskiren saltokiak nagusi diren tokietan, berriz, MCCren enpresaren izena hartuko du. Eroskiren arabera, "urrats erraldoia" eman dute Katalunian eta Madrilen, euskal taldeak presentzia handitu nahi baitzuen han.

Eroskiren langileek dituzten baldintza berak izango dituzte Capraboko beharginek.

Hain justu, bi baldintzok erabakigarriak izan dira Caprabok Eroskiren aldeko apustua egiteko. Izan ere, Carrefour, Auchan eta El Arbol supermerkatu sareek eta Permira inbertsio funtsak ere egin zuten talde katalana eskuratzeko eskaintza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak