Erditze naturalerako gela jarriko dute Debagoieneko ospitale berrian

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko otsailaren 19a

Gasteizko parlamentuak ez-legezko proposamena onartu berri du Debagoieneko eta Bilboko ezkerraldeko ospitaleetan erditze naturala egin ahal izateko gelak jartzeko. Talde sozialistak egindako proposamenari emandako erantzuna izan da.

Blanca Roncal PSE-EE-ko legebiltzarkideak jakitera eman duenez, Arrasaten eta Bilboko ezkerraldean egin behar dituzten ospitale berrietan erditze naturala egin ahal izateko gelak jarriko dituzte. Hala, erditze naturalerako gela bereziak izango dituzten Osakidetzako lehenengo ospitaleak izango dira Arrasatekoa eta Bizkaikoa.

Modu honetan, eta Blanca Roncalek esandakoaren arabera, benetako protagonista emakumea izango da. Gaur egun, emakume bakoitzak bi edo hiru ume besterik ez ditu izaten. Sala berezi hauekin, erditzeko momentuan emakumearen protagonismoa bultzatu gura da eta, ez orain arte bezala, medikuarena.

Ez-legezko proposamen honekin, Espainiako Osasun ministerioak onartutako erditze naturalaren estrategiara batu da Gasteizko parlamentua. Erditze naturalekin, alde batetik, erditzeko momentua bigundu gura da eta, bestetik, erditzean ematen diren gehiegizko botikak gutxitu gura dira.

Ospitale berrietan

Egubakoitzean onartu zen ez-legezko proposamenak Osasun batzordean dauden talde politiko guztien oniritzia jaso zuen. Ondorioz, Osakidetzak bi konpromiso hartu ditu: lehenengoa, aurrerantzean egingo diren ospitale berrietan erditze naturalerako gela bereziak jartzeko konpromisoa hartu du eta, gaur egungo ospitaleetan, posible den neurrian, horrelako salak egokitzea. Eta bigarren konpromisoa da, Osakidetzako mediku eta emaginei behar bezalako informazioa eskaintzea. Modu honetan, erditze naturaleko abantailak jakiteko aukera izango dute ospitaleko langileek.

Minari aurre egiteko bainerak

Gela berri horietan, emakumeak berak gura duen pertsonez inguraturik egoteko aukera izango du. Gainera, erditze momentuan emakumeak izan dezakeen minari aurre egiteko, emakumeari botikak eman beharrean bainerak jarriko dira.

Medikurik ez

Beharrezkoa ez bada, erditzean ez da medikuaren parte-hartzerik egongo; emagina egongo da. Modu honetan erditzea zerbait fisiologikoa bihurtu gura da eta ez gaixotasun bezala.

Oraingoz, eskaera txikia

Gaur egun ez dago erditze naturala izatea eskatzen duen emakume asko. Baina, neurri berri honekin, emakumeak aukera guztien berri izango du eta gero, norberak erabakiko du zer gurago duen. Beste herrialde batzuetan, Alemanian, Holandan edo Frantzian, esaterako, urteak daramatzate erditze naturalarekin. Herrialde horietan erditze naturala eskatzen duten emakumeak asko dira. Gurean, ospitale berria egin arte itxaron beharko dute emakumeek aukera horretaz gozatzeko. Ordura arte, baina, badagoela zer egina esan digu Blanca Roncalek. Esaterako, Osakidetzako langileak egoera berrira egokitu beharko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak